Benta Berrin pala txapelketa egingo dute, lagun artean antolatua eta lagunarterako

Kronika - Erredakzioa 2009ko urr. 10a, 02:00

ilusio haundia piztu du Benta Berriko lehendabiziko pa­la txapelketak. 16 bikote ari dira zein baino zein, gazteena 26 urtekoa eta zaharrena 47­koa. Erdiak astero bertan jo­katzen dutenak dira; besteak noizean behin joan izan direnak, eta denek dute helburu bera: lagunarteko lehia-giroan joka­tzea. Dagoeneko jokatuak di­tuz­te 12 partidu. Irailaren 22­an hasi zen txapelketa, eta aza­roaren 27an bukatuko dute. Saria partehartzaile guztien artean banatuko dute, azken egunean denek afaria egingo baitute, Benta Berrin bertan.


Bikoteka, palaz, tenisko pelotarekin, eta 25 tantora
Biko­te­ka jokatuko da txapel­ke­ta, palaz eta tenisko pelotarekin, eta 25 tantora dira partiduak. Guztira 62 partidu jokatuko dira. 16 bikoteak bi taldetan ba­na­tu dituzte, 8 bikote talde ba­koitzean. Bikote bakoitzak taldeko beste 7 bikoteen kontra jokatuko du, ligila mo­duan. Ligila bukatzean, taldeko bi onenak finalerdietara pasako dira, eta irabazleak finalera. Finala azaroaren 27an jokatuko da, eta 3garren eta 4garren postuak ere bai. Ondoren, afaria egingo dute partehartzaile guz­tiek.


Arau bereziak
Arau bereziak ditu Benta Be­rri­ko frontoiak. Frontoi txikia da, itxia, eta txoko eta tranpaz betea, eta ba­koitzak bere mo­dura egokitua dauka araudia. Horre­ga­tik, txapelketako an­to­latzaileek arauak zehaztu dituzte: Sakea 4 koadrotik 3ra; 5a pasa. Frontoi gaineko sarea eta egurra falta. Eskubiko kaja edo tabla ona; sarea eta ertza falta. Balkoia ona, bote eta gero; txarra, boterik gabe. Dutxako zuloa ona, botearekin edo boterik gabe. Duda kasuan, buelta.

Helburua, «lagunarteko giroa sortzea»
Hasieran ez zekiten zenbat jende apuntatuko zen, baina deialdiak, ahoz aho egina izanagatik, arrakasta haundia izan du. Txapelketa antolatzeko ideia Benta Berrin jokatzen duen talde bati bururatu zi­tzaion, ekain alde horretan. Kronikari adierazitakoaren ara­bera, helburua lagunarteko giroa sortzea da. «Elkar denok ezagutzen dugu, eta oso harreman ona daukagu. Gainera beste txapelketetan ere topo egiten dugu, eta pentsatu genuen, zergatik ez egin Benta Berrin?». Kronikak jakin du, beste fron­toietan izaten den diferentzirik ez dela Benta Berrikoan. Laster jakingo dugu zein diren Benta Berriko nagusi.

Partidu ‘telebisatuak’
Antolatzaileen arazoetako bat zen: «frontoi itxia izaki, alegia, gradarik gabea, nola ikusiko ditu jendeak partiduak?». Joxan Ruiz Aranon bizi den hernaniarrak eman dio erremedioa: kamara bat jarri du frontoiaren atzealdean, eta jatetxeko tabernara egin du ‘koneksio zuzena’. Horri esker, Benta Berrira dijoanak txapelketako partiduak zuzenean ikusteko au­kera izango du.
Oraindik mekanismoak ukituren bat edo beste behar duela esan dio Kro­nikari Ruizek, baina joango dira perfekzionatzen finalaren egunerako. Hala ere, partiduak nahiko txukun ikusten dira, eta ostegun eta ostiraletan joaten denak txapelketa jarraitu dezake, zuzenean.    


Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!