artixten Topaketa izango da gaur Hernanin, goizeko 11:00etan hasi, eta goizaldeko 01:30ak arte. Bertan, herriko eta inguruko artixtek hartuko dute parte, artearen adar ezberdinak lantzen dituztenek: musikariak, dantzariak, margolariak eta abar. Topaketa antolatzen dutenen iritziz, bere lanari ordu asko eskaintzen dion jendeak hartzen du parte topaketan, nahiz eta izen famaturik ez izan. Festa goizeko 11:00etan hasiko da eta Atsegindegin eta Tilosetan izango dira ekitaldiak.
Arratsaldera arte Atsegindegin izango da festa
Bi gune ezberdinetan izango da gaur festa. Eguneko aurreneko partean, eszenatoki nagusia Atsegindegi izango da. Ondoren, arratsaldeko 18:00etatik aurrera, festa Tilosetara lekualdatuko da.
Festa goizeko 11:00etan hasiko da, Atsegindegin izango den azokarekin. Bertan, ez ohikoak diren artixten lanak ikusteko eta erosteko aukera izango da. Ordu erdi beranduago grafittiak egiten dituzten artixtak lanean ikusteko aukera izango da.
Eguerditik aurrera eta bazkalordura arte, musika izango da nagusi: 12:00etan Dj Ura izango da musika jartzen; 13:00etan Aingeru kantautorearen errepertorioa entzuteko parada izango da; eta azkenik, 13:00etan, Iban Nikolai izango da didgeridooa jotzen.
Bazkalorduan, Atsegindegin bildutakoak Tilosetara mugituko dira, hantxe izango baita bazkari musikatua. Menu eder baten bueltan, Rikikuzu eta Kaltta izango dira bazkariari musika jarriko diotenak.
Musika eta haurrentzako tailerra arratsaldean
Arratsaldeko aurreneko orduetan festak Atsegindegin jarraituko du. 16:00etan Senegaleko rap-a entzuteko aukera izango da, Lifaxa El clandestinoren eskutik. Ordubete geroagoa, 17:00etan, Julen Cobos kantautoreak kantatuko du eszenatoki berean, eta kaleetan barrena berriz, Hernaniko Musika Eskola ibiliko da.
Herriko gaztetxoenei dagokienez, hauek ere izango dute bere lekua gaurko Artixta Topaketan. Arratsaldeko 17:30etan Atsegindegira hurbiltzen direnek, koloretako hondarrekin eskulanak egiteko aukera izango dute, haurrentzako tailerra izango baita.
Azkenik, Atsegindegiko festari amaiera emateko, bi ekitaldi izango dira arratsaldeko 18:00etatik aurrera: Daddy Jeffek bere kantu berrien aurkezpena egingo du eta break dantzarien ikuskizuna izango da.
Goizaldera festa Tilosetan
Ordu berean izango da baita ere Tilosetako aurreneko ekitaldia. 18:00etan hasita, kontzertua emango dute Los ultimos reyes, Harrika eta Plan B taldeek.
Hiru kontzertu hauen segidan, beste bi izango dira gaueko 22:30etan hasita, Dirty Pink Ladies eta Tacumah Reggae Band taldeen eskutik.
Azkenekoz, gaurko festari bukaera emateko, Astintzen Dizango dira, Tilosetan, gaueko 01:30etatik aurrera.
Artixtei parte hartzeko deia luzatu diete
Artixten Topaketako antolatzaileek dei egin diete topaketan parte hartu nahi duten artixta guztiei. Adierazitakoaren arabera, topaketaren helburua da artearen inguruan gauzak egiten dituen jendea gune batean elkartzea: «dei publikoa egin nahi dugu artearen adar desberdinak lantzen dituen orori, nahi izanez gero, gurekin harremanetan jarri eta egun horretan parte hartu dezaten. Gurekin harremanetan jartzeko ondo-rengo helbidera idatzi behar dute: ixa74@hotmail.com».