Orain dela urte betetik urgentziako mediku zerbitzurik gabe daude Goizuetan eta Aranon. Ordura arte zegoena Leitzara joan zen, han hutsik geratutako postua betetzera. Osasunbidek, Nafarroako osasun zerbitzuak, ordea, ez zuen Goizuetan eta Aranon ordezkorik jarri eta azken urte betean Leitzatik kubritu behar izan dituzte urgentziak.
Osakidetzako medikua, aukera egokia
Azken berrien arabera, hilabete honetan bertan, berandu baino lehenago, hasiko litzateke lanean urgentziako mediku berria Goizuetan eta Aranon.
Fernando Goia Goizuetako zinegotziak eta Iñigo Larrea Aranoko alkateak Kronikari azaldutakoaren arabera, «administrazioa eta medikuak ez ziren adostasunera heltzen». Administrazioak zioen, ez zegoela medikurik postu hori betetzeko, eta medikuek zioten prest zeudela postu hori betetzeko, baina zegokion baldintza ekonomikoekin.
Adostasunera heldu ezinda, urte bete joan da, eta tarte horretan hainbat bilera egin dituzte herriko elkarteek Osasunbideko kontseiluarekin zerbitzu hori eskatzeko. Abuztuaren 31n egin zuten bilera horietako bat, eta bertan kontseiluak aukera baten berri eman zuen: Osakidetzako mediku bat izango litzateke egokia. Zerbitzu horren premia agerian utzi duten bi gertakari latz ere izan dira azken hilabetean bai Goizuetan eta bai Aranon.
Igande eta jaiegunetan
zerbitzurik ez, oraingoz
Mediku berri honekin astegunetan izango lukete zerbitzua herritarrek, baina larunbat arratsalde, igande eta jaiegunetan ez. Goizuetan, astelehenetik ostiralera, eguneko medikua edo kabezerakoa badute goizeko 09:00etatik 15:00etara. Aranora ere joaten da ostegunetan bizpahiru ordutarako. Gainerako orduetan, ordea, medikurik gabe geratzen dira. Lehen, aste guztian, eguneko 24 orduetan bazuten urgentziako mediku zerbitzua.
Goizuetako zinegotziarentzat eta Aranoko alkatearentzat ezer baino hobea da, eta igande eta jaiegunetan medikuren bat izateko saiakerak ere egiten ari dira. Osasunbiderekin zehazten ari dira.