«Gaur egungo egoeran, Euskal Herrian bizi eta gaztea izateak susmagarri bihurtzen zaitu»

Kronika - Erredakzioa 2009ko urr. 4a, 02:00

Martxotik hona Segiko kide izatea leporatuta atxilotutako gazteen gurasoak elkartu egin dira eta gertaeren gaineko irakurketa egin zuten asteazkenean, kultur etxean, areto bete jenderen aurrean.

Gurasoak direla esanez aurkeztu zuten beren burua martxotik hona Segiko  kide izateaz leporatuta atxilotutako gazteen gurasoek, asteazkenean egindako agerraldian, areto bete jenderen aurrean. Martxotik hona izandako atxiloketen berri eman zuten, atxiloketen inguruko egunen berri ere bai, eta batez ere, gertatu­takoaren irakurketa egin zuten. Beren semeei gertatutakoa «ez da kasualitatea, estrategia baten barruko gertaera bat gehiago da» eta beraiek ere, gurasoak ere, «biktima» sentitzen dira.

Zer gertatu zen
Gurasoen ordezkariek mar­txoa­ren 30ean  atxiloketak nola gertatu ziren azaldu zuten; inkomunikatuta egon ziren bost egunetako «kalba­rio latza»ren berri ere eman zuten. Atxilotutako guztiek denbora horretan torturatu egin zituztela salatu zuten. Horren testigantza ere eman zuten, Iñigo Altzelaik, inko­muni­kazioaren ondoren aske utzi zuten bakarrak, atera berritan egindako deklara­zioen iru­diak eman baitzi­tuz­ten.
Atxiloketa haien ondorioz, Aitzol Arrieta Erauskin, Mikel Garcia Otamendi, Asier Olano Zabaleta, Ekhi Oñate Arroz­pide, Jon Ezeiza Jauregi, eta Egoitz Balerdi Ugalde behin behineko espe­txealdian dau­de; Iñigo Altzelai Duran, inkomuni­ka­zioaren ondoren, aske utzi zuten, 10.000 euroko  fidantza ordainduta; Txaber Zabaleta Galdeano aske utzi zuten, 15 egun espetxean pasa eta 10.000 euroko fidantza ordainduta; Antton Zabala Arabaolazak epailea­ren au­rrean bere burua aurkeztu zuen eta aske geratu zen, eta Ekaitz Telleria Aldaregia, bere burua epaileran aurrean aurkeztu ondoren, espetxe­ratu egin zuten.

Gertaeren gaineko irakurketa
Gurasoen esanetan, berehala susmo txarra hartu zioten atxiloketei, orduan Rubalca­ba Ministroak berak esan baitzuen «atxiloketa prebenti­boak» zirela eta «atentatuak sahiestuko zituztela atxiloke­tak eginda».  Gurasoek galde­tu zuten noiztik egiten diren atxiloketa prebentiboak.
Joxerra Altzelaik adierazi zuenez, kultur ekintzetan, gaz­tetxean... ibiltzen den edo­zein, gaur egun... zigortu egin dezakete, eta «gure semeak Euskal Herria jasaten ari den egoeraren ondorioak jasaten ari dira».
Beren seme-alabez harro daudela adierazi zuen eta «ez dutela ezer txarrik egin, inon eta inori. Ez dute guk egingo ez genu­keen ezer egin». Bere  esane­tan, «herrian ahotsa pixka bat altxatzen duena isilarazten du­te, batzuetan, eta eskar­mentu moduan herriko gaz­teen ar­tean batzuk aukera­tuta».

«Gobernuaren estrategia»
Gurasoek salatu zuten 6 hilabete pasa eta sumarioa oraindik sekretupean dagoela, eta ez dutela informaziorik defentsa prestatzeko. Altze­laik adierazi zuen, honen­bes­tez, konturatu direla «gure semeen atxiloketa ez dela gai juri­dikoa, eta honez gero, ez dugu justiziarik espero; gure semeen atxilo­keta estatuaren estrategia da». Hala, bildutako jendeari adie­razi zioten «gure semeei ger­tatu zaiena, zuen seme-alabei, zuen ilobei edo lagunei gerta dakieke», izan ere, «gaur egun­go egoeran, Euskal He­rrian bizi eta gaztea izateak susmagarri bihurtzen zaitu». Gura­soek adierazi zu­tenez, gauza bera, edozein de­larik ere, ez da berdin epai­tzen  Euskal Herrian eta kanpoan.

Zer nahi dute
Aurkezpenean argi utzi zu­ten beren helburua ez dela pena ematea, eta preso dauden beren semeen ahotsa izan nahi dutela. Atxiloketak argitzea eta Estatuaren estra­tegia bukatzea eskatu zuten, «egoera politikoa konpon­tzeak ekarriko du gure se­meen egoera konpontzea».
Inkomunikazioa eta tortu­ra gehiago ez erabiltzea ere eskatu zuten, Amnistia Inter­na­cionalek aspaldi eskatu be­za­la.
Komunikabideek atxilo­ke­tei emandako trataera eta ja­rrera ere salatu nahi izan zu­ten, «egiaren izenean gezurra esaten baitute».

123 gazte atxilotu,
2007az geroztik

Atxilotuen gurasoek gazte her­na­nia­rren atxiloketa tes­tuin­guru zabalago baten bar­nean kokatu dute, «azkenaldi lu­zean Euskal Herri osoan siste­matikoki eta gazteriaren kon­tra egiten ari diren atxi­loke­tekin, bai Iruñean, bai Ore­re­taldean, bai Donostian eta baita Mar­kiñan ere».
Kronikari emandako da­tuen arabera, 2007az geroztik dozenatik gora sarekada egin dira Euskal Herrian. Sare­kadetan 123 gazte atxi­lotu dituzte; horietako 92 kartze­lan daude eta 69k torturak jasan dituztela salatu dute.

Hilaren 10ean, larunbata, Markiñara joateko deialdia luzatu dute gurasoek

Segi legez kanpo utziz geroztik, urriaren 13an egingo da geroztik egin­dako sarekadetan atxi­lotutako gazteen aurkako lehenengo epaiketa, Madrilen, Marki­ñako 8 gazteren aurka.
Epaiketa salatzeko urriaren 10ean, larunbata, manifes­tazioa egingo da Markiñan, eguerdiko 13:00etan, eta gurasoek dei egin diete herritarrei manifestazioan parte hartzeko. Hernanitik joa­teko autobusa jarriko dute. Txili, Oindi eta Garin taber­netan eman behar da izena, ostirala baino lehen.

Hilaren 13an, epaitegietara
Horrez gain, urriaren 13an, Euskal Herriko epaitegi  guztien aurrean kontzentra­zioak egingo dira epaiketa salatzeko. Gurasoek dei egin dute, Donostiako epaitegira joateko, hilaren 13an, goizeko 11:00etatik 12:00etara.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!