jiu jitsu arte martzialen ikastaroa izango da kurtso osoan zehar Juma elkarteak antolatuta. Ikastaroa 10-14 urte bitarteko gazteei dago zuzendua eta urria osoan, dohainik probatzeko aukera izango dute. Julen Madina entrenatzailearen esanetan, «Europan eta espainiar estatuan oso zabaldua dagoen kirola da eta helduen artean Hernanin ere funtzionatzen du, baina gaztetxoen artean ezezaguna da oraindik». Hori dela eta, aurkezpen moduan emango du urria osoan doahinik eta gaztetxoak probatzera animatu nahi ditu. Kiroldegian izango da asteazkenetan 20:00etatik 21:30etara eta ostiraletan 18:30etatik 20:00etara.
Gorputz osoa lantzeko kirola
Jiu Jitsua judo eta aikidoren eskola berekoa da, baina kasu honetan borroka totala da Madinaren esanetan. «Dena erabiltzen da. Distantziaren arabera gorputzeko atal batzuk edo beste batzuk erabiltzen dira. Distantzia motzean, nolabait esateko, judoan bezalako teknikak erabiltzen dira, lurreko borroka... Eraso bakoitzaren aurrean eman behar den erantzuna zein den ikasten da. Azkartasuna, teknika, errealitatea... lantzen dira eta oso ludikoa da gazteentzat».
Informazio gehiago nahi izanez gero, deitu telefono hauetara: 616 263 871 edo 943 556 913.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!