Iazko entsaioa aurten gauzatzeko prest

Kronika - Erredakzioa 2009ko urr. 3a, 02:00

Hernaniko errugbi taldeak urteetan zaletu askok gogoan izango duten denboraldia egin zuen joan den urtean. Ligako partiduetan maila oso onean aritu ondoren, igoera fasea jokatzeko sailkatu ziren eta igoerak justu-justu egin zion ihes. Aurtengo denboraldian helburua berdina izango da, liga ona egin eta igoera fasea jokatzea. Baina horretaz gain, joan den urtean hasitako bidea ere bukatu nahi du errugbi taldeak. Igoera fasea jokatzeaz gain, mailaz i­go­­tze­ko apustua gauzatu nahi du. Bide luze horretako aurreneko pausua gaur izango du, etxean jokatuko baitu denboraldiko aurreneko partidua. Au­rrean Durango izango du, eta partidua 12:00etatik aurrera jokatuko da, Landaren.

Entrenatzaile berria eta joan den urteko jokalari berak
Errugbi taldean joan den urteko jokalari berdinak mantenduko dituzte, nahiz eta bajaren bat izango duten, adin kontuak eta bestelakoak direla eta. Nolanahi ere, iaz ia denboraldi osoa min hartuta pasa zuten jokariak ere berreskuratu dituzte. Aurtengo berrikuntza nagusia Patric Polidori da, entrenatzaile berria. Berea eta Gurutz San Miguelen eginbeharra izango da denboraldi honetan taldea garaipenaren bidean jartzea. Joxe Elosegik adierazitakoaren arabera, taldeak harnastu berria behar zuen, eta Patric Polidori aprosa da horretarako: «Nik urte asko neramazkien entrena­tzen, eta aldaketaren momentua iritsi zela konturatu nintzen. Entrenatzaile berriak taldea beste ikuspuntu batekin hartzen du, eta Polidorik badu esperientzia horretan. 10 urte egin ditu Baionan, profesional moduan jokatzen; sei urte aritu da Bera-Beran jokalari moduan baita ere; eta azken urtea talde berean egin du, baina entrena­tzaile gisa».

«Esperientzia duten jokalariak aurrean, eta gogo haundia atzean»
Patric Polidorik dagoeneko egin ditu aurreneko pausuak entrenatzeile moduan, aurredenboraldia hasi aurretik hasi baitzen entrenatzaile lanetan. Taldeari gainbegirada bat emateko orduan, entrenatzailearen esanetan taldeak, orain, jokatu dezakenaren erdia ere ez du jokatzen: «Herna­nira etorri nintzen egunean, bertako lau jokalari ezagutzen nituen, aurretik, Korsarioetan nirekin aritu zirenak; eta hauek taldean aurkitu dudanaren adibide garbia izan dira: nortasuna, gogoa eta adorea dute. Taldeak aurrealdean esperientzia haundia duela ikusi dut, eta atzean berriz, gogoa ez da falta. Uste dut taldeak jokaldia egiteko garaian hobetu behar duela eta defentsa ere sendotu behar du; helburua ahalik eta puntu gutxien jasotzea da. Aurreden­bo­ral­dia baloratzeko garaian berriz, egia da partiduak erraz irabazi ditugula, baina ez ditugu gure mailako aurkariak izan». Gaurtik aurrera ordea, duten guztia erakusteko aukera izango dute hernaniarrek, maila bereko taldeekin. Urteroko moduan, zaletuen babesa ere hor izango dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!