‘Marika de playa’ lehenengo lana aurtengo Antzerki Zikloan

Kronika - Erredakzioa 2009ko urr. 9a, 02:00

puri-purian dauden gaiak jorratuko dira Antzerki Zikloko lanetan aurten. Hilaren 20tik 22ra izango da, asteartetik ostegunera. Hiru lan izango dira: Marika de playa, Glu Glu producciones-ekoa; Kanpaiak jo bitartean, konpainia berarena; eta Lola ikusten baduzu, esan aberatsa dela, Ados teatro taldearena. Antzezlan guztiak Biteri kultur etxean izango dira, arra­tsaldeko 20:00etan.


Puri-purian dauden gaiak
Antzezlanek egun denon aho­tan dauden gaiak jorratuko dituzte: artifizialki hazia jartzea, adinak eragindako krisiak, bakardadea, amatasun sena eta abar. Marika de playa lanean Mila Espiga eta Patxi Perez aktoreek krisialdi bati buruz eta krisi askori buruz hitz egingo dute eta baita barrea eragin ere. Kanpaiak jo bitartean zenbat gauza gertatu daitezkeen esatera datoz Ugaitz Alegria eta Libe Aranburu. Aurrez aurre izango dira amatasun sena piztu eta hazia jartzera doan amagaia eta hazia ematera doan gizona. Umorea eta anabasa elkartuko dira oholtza gainean. Lola ikusten baduzu, esan aberatsa dela lanean berriz, misterioarekin jokatuko dute Lierni Fresnedo, Kandido Uranga eta Ainhoa Aierbe aktoreek. Desagertutako irrati esatari baten eta bere bila da­biltzanen gora beherak kontatuko dituzte.


Sarrerak salgai asteartetik aurrera
Antzerki Zikloa oso estimatua da Hernanin eta sarrerak hartu nahi izanez gero, bizi samar ibili behar da. Sarrerak astebete lehenago jartzen dituzte salgai beti; hain zuzen, aurtengo zikloko sarrerak astearte honetan, hilak 13, jarriko dituzte salgai, Biteri kultur etxean, goizeko 09:00etan hasita.

Hiru antzezlan
MARIKA DE PLAYA
Haria: Victorrek berrogei urteak beteak ditu dagoeneko eta krisiak bete-betean harrapatu du. Krisi hori adinak, bikoteak eragindakoa da. Krisialdi pertsonala ere ari da jasaten. Ez du bere burua ezagu­tzen eta guztiz beldurtuta sentitzen da. Ez du bakarrik egon nahi. Baina zalantzaz betea, hondartzan bilatzen du... Marta berriz, eguzkia lasai hartzeko leku lasai baten bila dabil. Eta nahiz eta aldez aurretik pertsona atsegin baten irudia eman, ez du inorekin hitz egin nahi. Are gutxiago, ezezegun batekin. Bakardadearen eta konpainiaren desioak elkar joko dute.
Konpainia: Glu Glu producciones.
Zuzendaria: Ana Perez.
Antzezleak: Mila Espiga eta Patxi Perez.
Hizkuntza: Gaztelera.
Eguna: Urriak 20, asteartea.
KANPAIAK JO BITARTEAN
Haria: Neska batek amatasunaren deia jaso berri du eta medikuaren kontsultara doa intseminazio artifiziala egin diezaioten. Mutila, semen emailea, hilero bezala bere dosia entregatzera doa. Ustekabeko kointzidentziaren ondorioz, elkar ezagutzen dute eta etengabeko gaizki ulertzean nahastuko dira, egoera barregarri bezain zalapartatsuetara bidaia egiteko. Elkar ezagutu behar ez zuten eta behar baino gehiago elkar ezagutzeko duten pertsonen arteko ezusteko komedia eroa eta bizia. Kanpaiak jotzen duenean hainbeste baitira gerta daitezkeen sorpresak...
Konpainia: Glu Glu producciones.
Zuzendaria: Galder Perez.
Antzezleak: Ugaitz Alegria eta Libe Aranburu.
Hizkuntza: Euskera.
Eguna: Urriak 21, asteazkena.
LOLA IKUSTEN BADUZU, ESAN ABERATSA DELA
Haria: Isabelek, gaueko irratsaio bateko esatariak, errealitateko gertakari eta istorioak ikertu  ondoren, bere entzuleei kontatzen dizkie. Egun batean desagertu egiten da inolako arrastorik utzi gabe. Inork ez daki non dagoen, ezta ihes egin edota norbaitek eraman duen ere, bizirik ote dagoen ere ez daki inork. Norbaitek, bere gauzen artean, egun batzuk lehenagoko egunkarian azaldutako iragarki txiki baten egunkari zatia topatuko duen arte: «Lola ikusten baduzu, esan aberatsa dela».
Konpainia: Ados teatroa.
Zuzendaria: Garbi Losada.
Antzezleak: Lierni Fresnedo, Kandido Uranga eta Ainhoa Aierbe. Hizkuntza: Euskera.
Eguna: Urriak 22, osteguna.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!