hernaniko Alderdi Sozialistak adierazi du ez datorrela bat ekipamenduen prozesu partehartzailea aurrera eramateko moduarekin. Kronikara bidalitako prentsa oharraren bidez, Alderdi Sozialistak azaldu ditu prozesuaren aurka bozkatzearen arrazoiak. Plenoa ostegunean izan zen udaletxean, eta alderdiari galdeketa egitea ongi iruditzen zaion arren, aurka bozkatu zuen.
Bozkatzeko aukerak
PSE-EEk bidalalitako oharrean adierazten du ez datorrela bat herritarrek izango duten bozkatzeko moduarekin. Dio aukera egun askotan izango bada ere, Biterin bakarrik eman ahal izango dela botua: «Plenoan Gobernu Taldeak aurkeztutako proposamenaren arabera, herritarrek 7 egunetan izango dute bozkatzeko aukera, egunean 8 ordutan. Gu egun askotan bozkatzeko aukerarekin ados gaude, baina ez aukera Biterin bakarrik izatearekin. Gure ustez erangikorragoa izango litzateke herriako auzo ezberdinetan mahaiak jartzea, modu honetara botoa emateko era erraztuz».
«Ez dator bat legearekin»
Alderdi Sozialistak bidalitako oharraren arabera, herri kontsulta baliagarria izateko arauak ez datoz bat legeak esaten duenarekin: «proposamenaren arabera, herri kontsulta onartua izateko parte hartzea, gutxienez, %20koa izan beharko litzateke. Guri parte hartze minimoa gutxiegi iruditzen zaigu; Hernaniren kasuan 19.000 biztanletik 2.500ek hartu behako bailukete parte. Horrez gain, parte hartze kopurua 3tan banatu beharko litzateke, hiru baitira aurkeztu diren proiektuak. Hori kontuan izanda, proiektuetako bat 834 boturekin garaile izango litzateke. Hala ere, honek ez du esan nahi edozein alderdi politikok proposamena berea egin ez dezakeenik, edo bere alderdiarentzako onargarria izan daitekeenik»
Prozesuaren garantia
Azkenik, PSE-EEren esanetan, herri kontsultaren prozesua bermatzeko eta arazorik ez izateko arau batzuk jarri beharko lirateke: «prozesuak astebete iraungo du, eta egun batetik bestera hautestokiekin zer egingo den argitu beharko litzateke, zein egingo den hauen kargu».
Horrez gain, adierzi dute proposamenaren arabera botuzenbaketa bozketa amaitu eta hurrengo egunean egingo dela, eta horrek arazoak sor ditzakeela: «botuen zenbaketa hurrengo egunean egiten bada bihurrikeriaren bat egiteko aukera izan daiteke tartean, eta horrez gain, emaitzak mesfidantza ere sor dezake. Gure ustez, prozesu txukuna bermatzeko herritarrak hasieratik ondo informatu behar dira, eta hauei dauden aukera guztiak eman behar zaizkie botua emateko garaian. Baita ere, uste dugu herri kontsultak egiteko legea hor dagoela, eta arazorik ez izateko behar bezala bete beharko litzatekeela. Modu honetara, uste dugu Gobernu Taldeak egindako proposamena asko hobetuko litzatekeela».