Iñaki Zelaia (36 urte, Hernani) Urriaren 11n, Bilbon kantatuko du.
Bilbon saio konpleto bat egitea da txapelketarako nere helburu nagusia, azken txapelketetan irregular xamar ibili naiz eta. Eta saio ona eginda semifinaletara pasaz gero, sari haundia litzake neretzako. Prestaketa betiko modukoa izan da. Baina aurten bestetan baino denbora gutxiago eskaini diot. Astean behin Aranon biltzen gera Unai Agirre, Mendiluze, Agin Rezola, Arano, Aritz....) eta beste behin edo bitan Hernanin (Irazu, Beñat, Unai,…). Etxean ere zeozer egiten saiatu gera, errimak errepasatu, bertsoak entzun,…»
Unai Agirre (33 urte, Hernani) Urriaren 18an, Zarautzen kantatuko du.
Helburua? Topiko batekin erantzungo dizut: gure mailan ahalik eta saiorik onena egitea. Txapelketan postuari begira bakarrik jokatuz gero, txapelduna bakarra da, baina gainontzean denok daukagu zerbait irabazteko.
Gure kasuan ostegunero huts egin ezin dugun zita izaten dugu Aranon, Hernaniko bertso eskolako zenbait lagunek, eta txapelketa garaian prestaketa saio intentsoagoak egiten ditugu bertan. Baina txapelketarako horrek adina garrantzia du bakarka egiten den lanak eta horretan denok egiten dugu zerbait.
Maialen Lujanbio (33 urte, Hernani) Azaroaren 7an, Bergaran kantatuko du.
Helburua? Aurreko zapore mikatza gozatzea lehenengo. 2005eko Txapelketako emaitza ez zen txarra izan baina sentipenak bai, ez nuen bertsotan disfrutatu. Eta zapore hori gozatzeko, aurten bertsotan ahalik ondoen egin eta egin nahi dudanetik ahalik hurbilen ibili nahi nuke. Etxeko lanean batetik. Prestaketa kontzeptuala nolabait: zer egin nahi duzun, ze eratan, zein doinukeratan, estetikoki eta edukiz. Eta teknikoa ere bai: errimak, loturak etabarrak. Bertso eskolan lagunekin kantatu, norbere burua jendaurrean entzun eta sentitu, bestenak entzun, komentatu...
Beñat Gaztelumendi (22urte, Añorga) Urriaren 17an, Uztaritzen kantatuko du.
Ni gustura ari naiz entrenamenduetan, eta gustatuko litzaidake horrelako maila ematea txapelketan. Niretzat lehendabiziko Euskal Herrikoa da eta oholtza gainean eroso sentitu nahi dut. Ea publikoan emozioak sortzeko gai naizen.
Hasieran Orion biltzen nintzen Xabier Sukiarekin. Orain Hernanin astean pare bat aldiz, Irazu, Zelaia eta Unai Agirrerekin. Entrenamenduetan txapelketako ariketak egiten ditugu pare bat aldiz, baina arreta gehien bakarkakoari jartzen diogu.
Aitor Mendiluze (34 urte, Andoain) Azaroaren 7an, Bergaran kantatuko du.
Nik helburua betiko bera daukat, bertsotan egin eta oholtzan gozatzea. Egia esan finala eta horrelako gauzak urrun samar ikusten ditut, ez nau batere kezkatzen sailkapenak. Nere helburua bertsoa bera dela esango nuke. Astean behin biltzen gera Unai eta Eñaut Agirre, Xabier Legarreta, Iñaki Zelaia, Agin Rezola, Aritz Zerain eta konpainia bertso batzuk bota eta ederki afaltzeko, eta horretaz aparte ezer ez. Etxean ez dut denborarik eta pazientziarik hartzen, eta badakit ez dudala hartuko. Bertsotan aritzeak baino gehiago giroak laguntzen dit.
Jexux Mari Irazu (37 urte, Larraul) Urriaren 11n, Bilbon kantatuko du.
Nere helburua, txapelketan ere, bertsotan dakidan ondoena egitea da, eta karrera luze honetan ahalik eta etapa gehienetan kantatzea. Prestakuntza betiko beretsua ari da izaten. Etxean batez ere alde teknikoa lantzen da, errimak... eta bertso-eskolan gaiak, ikuspegiak, bideak eta abar lantzen ditugu. Astean bitan biltzen gera, Hernaniko bertso eskolaren lokalean.