Txapel bakarrerako, 44 buru

Kronika - Erredakzioa 2009ko ira. 27a, 02:00

Datorren larunbatean, urriak 3, hasiko da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia, Zestoan. Orduan jarriko da martxan errusiar mendia, eta BECeko abenduaren 13ko final haundirarte egingo du bidea. Errusiar mendia, hori da 2009ko txapelketako logoaren irudia. Bertsoak emozio asko sortzen ditu: poza, tristura, etsipena, harridura,…eta hori irudikatu nahi izan du bertsozale elkarteak. Andoni Egaña, azken lau ekitaldietako txapelduna izango dute zain finalean, txapelketan parte hartuko duten beste 43 bertsolariek. Horietatik 6 Hernaniko bertso eskolako kideak dira. Iñaki Zelaia, Jexux Mari Irazu, Beñat Gaztelumendi eta Unai Agirrek final-laurdenetatik ekin beharko diote txapelketari. Aitor Mendiluze eta Maialen Lujanbiok, berriz, finalaurrekoetatik, duela lau urteko finalean abestu bai­tzuten. Hauen bertsoak epaituko dituen taldean, Bakarne Urreaga hernaniarra dago; lehen aldiz arituko da epaile lanetan Txapelketa Nagusian. Bertsolari Txapelketa Nagusirako saioetako sarrerak eta finalerarte izango diren 13 saioetarako bonoa, aurrez erostekotan, internet bidez bakarrik erosi daitezke: www.bertsosarrerak.eu atarian. Finalerako sarrerak eta finalerako autobus zein bazkari txartelak, berriz, internetez gain, saio guztietako atarietan, Bertsozale Elkartearen informazio mahaian, erosi ahal izango dira. Eta Euskal Herriko hainbat herritan ere salmenta puntuak egokitu dira. Hernanin, Tripontzi tabernan izango dira eskuragai.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!