Hernaniko Amnistiaren Aldeko Mugimenduak gogor salatu du euskal preso eta iheslariek gaur egun bizi duten egoera, Kronikara bidalitako prentsa oharraren bidez. Oharrean diotenez, eskubideak aspalditik urratuak izateaz gain, kartzeletan bizi duten egoerak ere txarrera egin du: «Azken aldian presoen eta iheslarien egoera geroz eta larriagoa da: Jipoiak, mihaketak, bisita murrizketak etab. Horrez gain, gerra zikinaren itzala ere hor dugu Jon Anzaren desagerpenarekin, eta hainbat militanteren bahiketarekin».
Prentsa oharrean adierazitakoaren arabera diote guztien esku dagoela egoerari aurre egitea eta aldarrikapenak kalean mantentzea: «orain gainera, preso eta iheslariekiko elkartasuna eta eskubideen defentsa galerazi dute, kaleetatik izkutarazi eta isilarazi nahi gaituzte. Guztion esku dago errepresio gordin eta eskubideen urraketa etengabe honi aurre egitea, eta era berean, aldarrikapen hau kalean mantentzea».
Oharraren amaieran dei egiten die herritarrei banderolak balkoietan jartzeko: «AAMtik dei egiten diegu herritar guztiei Euskal presoak eta iheslariak Euskal Herrira banderola balkoietan jartzera, elkartasuna guztion lana baita»
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!