Kalejirak, erakusketa eta bazkaria gaur Euskal Herriko albokarien topaketan

Kronika - Erredakzioa 2009ko ira. 27a, 02:00

alboka hotsak herrian ba­rre­na zabalduko dituzte gaur, Eus­kal Herriko albokarien to­paketa izango baita Hernanin. Aurten­goa topaketaren 16ga­rren edizioa izango da, eta ekitaldiak atzo hasi baziren ere, egun haundia gaurkoa izango da.

Liburu aurkezpena, kalejira, bazkaria, erakusketa....

Hernaniko albokarien topaketa hitzordu garrantzitsua izaten da Euskal Herriko hainbat eskual­deetako albokarientzat, guztiak biltzeko aitzakia paregabea izaten baita. Gaurko eguna goizeko 10:30etan hasiko dute, Eugenio Etxeberria albokaria izeneko liburuaren aurkezpenarekin, Musika eskolan. Ondoren, 12:00etan, alboka doinuak zabalduko dituzte herriko kaleetan barrena. Hala ere, albokari guztien emanaldi nagusia ordu erdi beranduago izango da, 12:30etan; Albokaldia izango da Ezkiaga pasealekuan (euria egingo balu Atse­gindegin). Ordu berean baita ere, albokagileen azoka eta erakus­keta izango da. Bertan ikusi ahal izango dira albokak egiteko duten trebezia eta azken berrikuntzak. Arratsalderako indarrak berreskuratzeko, 14:30etan baz­karia izango dute. Albokarien arteko herri bazkaria izango da, eta Santa Barbara elkartean egingo dute. Jaian parte hartu ez duen norbaitek bazkarira joan nahiko balu, 20 euro ordaindu behar ditu. Azkenik, eta eguna bu­katzeko, Albokarien agur­reko kalejira egingo dute, Kaxkoko kale eta Plazetan barrena.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!