hernaniko boleibol taldeak hasi dira denboraldi berria prestatzen. Urtero bezala, bi talde nagusiak, neskena eta mutilena, irailean hasi ziren entrenamenduekin. Gaztetxoenek berriz, eskolarekin batera hasi dituzte denboraldi berriko entrenamenduak. Joan den urteko denboraldi bikainaren ostean, bi talde nagusiak Euskadiko Ligan arituko dira aurten ere, eta adierazitakoaren arabera, iaz bezala lan polita egitea espero dute.
Gaztetxoen taldea osatzeko deialdia
Harrobiko taldeak ere martxan dira dagoeneko, eta neskak nagusi izango dira. Kadete mailan bi talde izango dituzte eta beste bi infantil mailan. Denera, 50 neska izango dira talde ezberdinetan banatuta. Mutilak berriz, infantil taldea osatu nahian dabiltza, eta horretarako DBHko aurreneko edo bigarren maila ikasten ari diren gazteak behar dituzte. Hala ere, jakinarazi dute 3garren edo 4garren mailakoak taldeko kide izan nahi badute ere, ongi etorriak izango direla: «guretzako denek balio dute kirola egiteko, bakoitzak bere mailan. Helburua ez da txapelketak irabaztea, baizik eta gazteek kirola egitea».
Kiroldegira azaltzeko deia
Hernaniko boleibol taldeak dei egin die edozein neska-mutilei boleibol taldeko kide izateko. Parte hartzeko kiroldegira joan behar dute, astelehen, asteazken edo ostiraletan, arratsaldeko 17:00etatik aurrera. Kiroldegiko sarreran galdetu eta bertan adieraziko diote nora jo behar duten.