Azken 10 urteetan inmigrazioaren gaiak izan duen bilakaera aztertuko duzu hitzaldian.
Azken 20 urteetakoa izango dut kontuan eta nire asmoa da Estatuan inmigrazioak izan duen bilakaera aztertzea. Izan ere, urte horietan inmigranteen kopurua haundia izan da eta gainera funtzionala, alegia, ekonomikoki funtzionala; eskulana zen, eta arazorik gabe txertatu da, tentsio eta arazo haundirik gabe. Etengabeko inmigrazioa izan da, familiaren inguruan antolatua. Orain bat-batean, krisi ekonomikoarekin, eta esku artean duten Atzerritarren Legea berritzeko asmo horrekin, erabaki behar dugu etorkina nolako pertsona den guretzat: behar ekonomikoen arabera joan eta etorri ibiltzen dena, edo gizartean txertatuta dagoena.
Azken urteetako argi-ilunak adieraziko dituzu hitzaldian. Zeintzuk dira?
Alde positiboen artean aipatu behar ditugu ekonomian egin duten ekarpena, demografian egin dutena, eta ekarpen kulturala, besteak beste. Alde ilunen artean berriz, esan behar da, lanean txertatu izan ditugula bai, baina beharraren arabera; eta ez dugu ahaztu behar gainera, edozein lan egitera moldatu direla. Orain krisiarekin, eskulana sobera dago, langabezia haundiagoa da eta beraiei kalte haundiagoa egiten die. Esate baterako, orain Estatuan langabezi tasa %17an dago gutxi gora behera, eta etorkinen langabezia %28 da. Hala ere, Euskal Herrian datuak ezberdinak dira.
Gaur egungo zerbitzuak, neurriak eta abar nahikoak al dira inmigrazioaren gaiari egoki heltzeko?
Ez. Gure instituzio publikoen zerbitzuak esate baterako, ez dira behar adinakoak, baina ez bakarrik etorkinentzat. Duela urte batzuk 40 milioi pertsona ginen Estatuan eta orain 46 milioi baino gehiago gara eta baliabideak ia-ia orduko beretsuak dira. Eta hori, jakina, arazo iturri da. Eta arazoak ez dira kulturartekoak, ez, baizik eta zerbitzu faltak eragindakoak.
Lehen Estatuko eta Euskal Autonomi Erkidegoko datuak ez direla berak aipatu duzu. Hainbesteko aldea al dago?
Estatuan gaur egun 132.189 etorkin daude, gizartearen %12 da; Valentzian, esate baterako, %18 da, eta Euskal Autonomia Erkidegoan %5’6 da. EAEn, baita ere Nafarroan, paperik gabeko etorkin gutxiago dago gainera. Baina ez da kasualitatea: zuenean industriak eta zerbitzuen atalak garrantzi haundiagoa dute, eta enpresa haundi asko dago, eta era berean, ezkutuko ekonomia gutxiago dago. Valentzian berriz, industriak ez du indar bera eta enpresa txiki asko dago; ezkutuko ekonomia %30era iristen da.
Atzerritarren Legea berritzen ari dira orain.
Bai, eta ez dugu ahaztu behar krisialdian gaudela eta horrek eragin dezakeela hartuko diren erabakietan. Dirudienaren aurka, etorkinen kopurua jaitsi egin da. Krisia dagoenean herrialde batean etorkinen kopurua jaitsi egiten da. Diskurtsoarekin kontuz ibili behar da: etorkin gutxiagok etorri behar dute esaten dute, baina gutxiago datoz, hori da errealitatea. Ikusiko dugu zein aldaketa egiten dituzten; aurrera egiten badu Legeak zailtasun gehiago izango dituzte paperik gabeko etorkinek; eskubideak murriztuko dizkiete, eta zeharka, bertan dauden etorkinen eskubideak ere bai. Azkenean garrantzitsuena ematen den itxura da. Etorkinak behar ekonomikoen arabera etorri eta joaten diren pertsonak bezala ikusten ditugu. Gainera, gizartean arazoak zabaldu besterik ez du egingo, sutara egurra botatzea bezalaxe. Argi izan behar duguna da azken urteetan etorkinez osatutako gizarte bilakatu garela.
Zein erronka ditugu etorkizunera begira?
Elkarbizitza antolatu behar dugu, maila eta ezberdintasun etnikoak sortu gabe. Lehen aipatu dugun Atzerritarren Legea eztabaidatzen ari dira Parlamentuan oraindik eta alderdien arabera gauza bat edo beste onartuko da; onartutakoaren arabera, espero dugu neurri batzuk behintzat xamurtzea. Hori agintariei dagokienez. Baina zein da kaleko egoera? Kaleko errealitatea nahiko lasaia da, nahiko normala, eta ez dago tentsio haundirik orokorrean. Baina errealitatea hauskorra da; esate baterako, langabetuentzako diru laguntzak bukatzen ari dira, zerbitzu publikoak ere eskasak dira, eta egoerak okerrera egiten badu, tentsioak sortu daitezke eta horrelakoetan errazena da errua etorkinei leporatzea, eta ez da juxtua, baliabideak berez direlako eskasak. Zergatik? Ez dagoelako gizarte integraziorako politika txukunik.
‘Zenbat eta etorkin gehiago, orduan eta arrazakeria haundiagoa’. Hala al da?
Topiko txarra da hori; ez da egia. Europan, Luxenburgon esate baterako, etorkinen kopurua hemengoa baino askoz ere haundiagoa da eta han ez dago hemen baino arrazakeria haundiagorik. Azkenean, arrazakeria ez da etorkin kopuruaren arabera sortzen, edo kultur ezaberdintasuaren arabera, baizik eta baldintza sozialen arabera, politika publikoen, irudi publikoen eta abarren arabera.