Sagardo Lehiaketa izango da gaur Txantxangorri elkartean

Kronika - Erredakzioa 2009ko ira. 25a, 02:00

AZKEN 26 urtetan egin du­ten moduan, aurten ere Sagardo Lehiaketa antolatu dute Txantxangorri elkartean. Lehiaketa egiteko afaria antolatu dute aurten ere, eta guztira 15 sagardok hartuko dute parte. Afaria arratsaldeko 20:00etan hasiko da, eta jakinarazi dute norbait berandu iritsiko balitz, ezingo duela bere epaia eman.

15 sagardo lehiaketan
Lehiaketan 15 sagardok hartuko dute parte, eta horietatik 7 Hernanikoak izango dira eta 6 Astigarragakoak: Elorrabi, Iparragirre, Otsua-enea, Olaizola, Itsasburu, Ru­fino, Zelaia, Astarbe, Pe­tri­tegi, Bereziartua, Herrero, Oyarbide eta Lizeaga. Haue­taz gain, beste bi sagardotegietako sagardoak ere izango dira: Donostiako Bar­kaiztegi eta Zubietako Astia­zaran. Sagardo bakoitzari gehienez 10 puntu emateko aukera izango da, eta gutxienez 6 puntu. Txanda bakoitzean lau sagardo ezberdin aterako dituzte eta sagardo bakoitza lau mahaitarako izango da. Modu honetara, sagardoak txandatzen joango dira. Txantxangorri elkartetik adierazi dutenaren arabera, lehiaketa modu honetara eginda, emaitza fidagarriagoak lortzen dira, mahai guztietan sagardo berdina aterata baino.

Sariak sagardogile eta mahaikideentzat
Sari banaketa gaueko 22:00ak aldera izango dela aurreikusten dute. Sariak aurreneko lau sagardogileentzat izango dira. Ira­bazleak txapela izango du eta aurreneko lauei trofeoak emango dizkiete. Horrez gain, sariak izango dira aurreneko hiru sagardo irabazleen puntuaketara edo azkeneko hiruen puntuaketara gehien hurbiltzen diren mahaikideentzat. Bestalde, lehiaketan azkeneko bi postuetan geratzen diren bi sagardoak datorren urtean ordezkatuak izango dira.

Ehiza postuen zozketa ordu erdi lehenago
Azkenik, adierazi dute Sagardo Lehiaketa dela eta, egunero egiten diren ehiza postuen zozketak ordu erdi lehenago egingo direla gaur. Hortaz, hurrengo postuetarako zozketa arratsaldeko 20:00etan egin beharrean, 19:30etan egingo da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!