Koxka Hernaniko ezindu fisikoen taldean biltzen zarete. Zer da zuentzat elkartea?
Ateak irekitzeko bidea da. Bakarka ate joka aritu beharrean, indarra eta babesa ematen dizkizu gauzak eskatzeko, eta elkartearen bidez egindako eskaerek pisu haundiagoa dute gainera.
Koxka eta traba asko topatzen dituzue bidean. Sailean galdetuko dizkizuegu. Zein egoera dago herriko ikastetxeetan?
Faktore asko daude tartean; ikastetxearen kokalekua esate baterako. Oro har, herriko ikastetxeekin oso gustora gaude; arazo gehiago ditugu ikastetxeetara iristeko bidean, eta hori ez da ikastetxeen kontua, Udalarena baizik. Ikastetxe batzuetara iristea, oinez bada ere, eta aparkatzea ere, nahiz eta elbarrien txartela izan, ezinezkoa da; gainera, jendeak ez ditu errespetatzen leku horiek; «Minutu bat da» esaten digute, baina ez dira konturatzen beraientzat minutu bat dena, guretzako kristoren lana dela.
Zein da eraikin publikoen egoera?
Gutxi edo gehiago eraikin pu- bliko gehienetan igogailuak- eta badira. Askotan okerrenak sarrerako ateak izaten dira, haundiak eta astunak baitira, eta erdi irekita besterik ez dira egoten. Udaletxeko atea, kultur etxekoa, kiroldegikoa...
Zer moduz moldatzen zarete kiroldegian?
Kiroldegiak ez dauka ezer. Duela 8 hilabete instantzia bat eraman genuen kiroldegira eskaera mordo batekin eta oraindik ez dugu ezta erantzunik ere jaso. Ulertzen dugu gauza batzuk lan haundia eskatzen dutela baina beste batzuk oso oinarrizkoak dira, esate baterako, galdetu genien ea flotagailua erabil genezakeen umeak lasaiago ibiltzeko uretan eta oraindik ez digute erantzun ere egin. Batzuk ez gara igerilekura joaten umea besoetan ibili behar dugulako erabat. Begirale berezirik ere ez dago.
Eroso ibiltzen al zarete kalean?
Gauza asko daude hobetzeko modukoak, eta hobetzen dira. Bat aipatuko dugu: anbulatorioan, kanpoan eskulekua jarri zuten eta askoz hobeto dago orain; gainera eskulekua ona da denentzat, baita edadeko jendearentzat ere.
Zebrabideak ere batzuk ondo daude baina beste batzuk oso gaizki. Askotan arazoa ez da zebrabidea bera baizik eta aurretik jaitsi eta gero igo behar duzun koxka; ezinduek beti laguntza behar izaten dute, ezin dira autonomoak izan.
Garraio publikoa erabiltzen al duzue?
Ufffff... Autobus urdinak desastre hutsa dira. Ranpak badituzte, baina ez dituzte erabiltzen: ez dakigu izorratuak dauden, edo ez dakiten konpontzen, edo ibili bai, baina ez dituzten erabiltzen.
Gorrietan berriz, normalean jaisten dute ranpa eta ez badute jaisten ere tratua beti oso ona izaten da.
Lokalak egokituak al daude?
Batzuetan denda batera edo bestera joaten gara erosotasunarengatik, badakigulako egokituak daudela. Lokal berriek denek betetzen dute araudia eta egokituak daude baina lokal zaharrek ez. Zaharren kasuan ulertzen dugu ez dela batere erraza lokalak egokitzea. Hori bai, eraikin publikoek araudia bete beharko lukete; erakunde publikoek ezin diete eskatu besteei beraiek betetzen ez dutena.
Eraikin berrietan ere gehiexeago zaindu beharko lituzkete horrelako gauzak, esate baterako, elkarteko kide batek ezin du ia Karabeleko igogailu berria erabilli botoiak aldrebes samar geratzen zaizkiolako eta igogailura joaten denean, botoiari emango dion norbaiten zain egon behar izaten du.
Eta trenean ibiltzen al zarete?
Guk ezin dugu trenean ibili, ezin delako aulki gurpildunarekin igo eta beti laguntza eskatzen ibili behar dugu, eta jendeak ez dizu beti laguntzen.
Eta etxera igotzeko zer moduz moldatzen zarete?
Batzuk etxez aldatu behar izan dugu semea edo alaba jaioz geroztik.
Eta gizarteari dagokionez, zer sentitzen duzue Tontoa ematen duzu bezalakoak entzuten dituzuenean?
Zer pentsatu haundia ematen digu; baina egia da umea jaio arte ez zarela horrelako kontuetaz jabetzen.
Hitzen bat edo beste kenduko zenituzkete hiztegitik?
Bai, zalantzarik gabe, Atzeratu hitza kenduko genuke.
Baina diskurtso ofiziala erabat integratzailea da, ezta?
Bai, baina diskurtsoa eta errealitatea ez datoz bat. Ikastolan, esate baterako, ume eta guraso askoren jarrera ez da egokia; batzuetan hipokrita ere bada. Gertatu izan da umeak ikastolan jarrera bat izatea gure umeekin eta kalean bizkarra ematea. Ematen du batzuk kutsatzeko beldurrak daudela.
Kutsatzea baino, askotan ezjakintasuna izaten da; jendeak ez daki nola jokatu. Ez da heziketa kontua bakarrik, naturaltasuna lortu beharko litzateke, natural tratatzea ezinduak, kontziente izanda ezintasun batzuk dituztela.
Elurretan gertatu zitzaigun beste koadrila bateko ume batek ume bat ikusi eta esatea: «Mira mama, un niño tonto» eta parrez hasi. Gurasoei kargu hartu genien eta haiek ere farre egin ziguten.
Hain urrutira joan gabe, inguruko hipika batean zaldiak jarri zituzten ezintasunak dituzten umeen erreabilitaziorako eta jendea kexatu egin zen itxura txarra ematen zuela eta kentzeko, eta halaxe egin zuten. Ikastetxean ere komentarioak entzuten dira esanez ume hauetako batzuk besteen erritmoa moteldu egiten dutela.
Hernani inguruko ikastetxeren bateko matrikulazio kanpainako txartelean zein baino zein ume ederragoak ageri ziren.
Badira ikastetxe selektiboak bai. Umea eramateko esaten dizute, ezin besterik esan, baina sumatzen duzu ez daudela eroso... Selektiboak dira. Eta biderik errazena integrazioa izango litzateke; esate baterako, soinketan ariketa egokituak egitea denentzako balioko dutenak.
Ezer aurreratu al da?
Pixkanaka-pixkanaka baina bai, zeozer aurreratu dugu. Kirol egokitua egiten da; integrazio diskurtsoa dago... Ezintasun bat duten kasu asko daude, ASPACE gainezka dago. Baina Instituzioek ez dute nahikoa laguntza ematen.
Zer esan nahi diozue jendeari?
Gauza asko; batetik, pentsatzeko pixka bat eta errespetatzeko gure umeak; bestetik, begiratuarekin min haundia egin daitekeela, eta gure umeek ezintasun fisiko bat izanagatik, berdin berdin sentitzen dutela.
Gauza onak ere izango dira?
Bai, gure umeak; guretzat munduko gauza haundiena dira. Gainera, beraiei esker, gauzak beste era batera ikusten eta estimatzen ikasten duzu; besteek baloratzen ez dituzten gauzak ikusten dituzu. Eta jakina, jende zoragarria topatzen duzu bidean, laguntzen dizuna eta saiatzen dena umea integratzen.
Egia da ume hauekin betiko jendeaz urrundu egiten zarela, zu zeu, eta pertsona batzuk ere urrundu egiten zaizkizula, ez dakitelako nola jokatu edo, baina era berean jende berri zoragarria ezagutzen duzu. yy