hernaniko Berdintasun Sailak hainbat ekintza antolatu ditu aste honetarako eta horietako bat da gaur gauean izango den ipuin kontaketa. Nor da indigena? izenburupean, Joxe Mari Karrere arituko da kontalari lanetan. Ipuin kontaketa gazte zein helduei zuzendutakoa da, eta Bodega tabernan izango da; gaur, gaueko 22:30etatik aurrera. Ipuin kontaketa Mundubat GKEErekin elkarlanean antolatu du.
Jabetze Eskolei hasiera emateko ikuskizuna
Hala ere, ipuin kontaketa ez da aste honetako ekintza bakarra izango. Jabetze Eskolek berehala hasiko dute ikasturte berria, eta hori ospatzeko, ikuskizuna antolatu dute bihar Leokan. Aurtengoarekin hirugarren urtez, protagonismoa eman nahi diete emakumeei, beraien topaleku, lan leku eta kontu toki izan zen Leokan.
Ikuskizuna gaueko 22:30etan hasiko da. Gauari hasiera emateko, Tania Arriaga nafarraren La espinita laburmetraia jarriko dute. Ondoren, Maider Zilbetik aukeratutako beste ikusentzunezko batzuk ikusi eta entzuteko aukera izango da. Horretaz gain, Ainara dantza eskolako dantzariek dantza ikuskizunak egingo dituzte, eta Ania Ibarguren abeslari hernaniarrak kontzertua eskainiko du.
Ikuskizuna dela eta, jakinarazi dute Leokatik pasatzen den errepidea itxita izango dela gaueko 22:00etatik 00:00etara.
Jabetze Eskolan izen ematea
Jabetze Eskolen ikasturte berria berehala hasiko den arren, izena eman nahi duten guztiek aukera izango dute hilaren 29ra arte. Aurten hiru ikastaro antolatu dituzte: Zaintza eta menpekotasuna, Feminismoa lehen eta orain, eta Gure amonengandik ikasiaz. Izena emateko edo informazio gehiagorako 943 33 7 017 telefonora deitu edo irantzu-j@hernani.net-era idatzi.