Orain, Donostian bizi zara, baina Hernanin jaio zinen, ezta?
Bai, ni Hernanin jaio nintzen eta Hernanin bizi izan naiz. Baina nahiko gaztetan, Bilbora joan nintzen ikastera. Denbora batez han gelditu nintzen bizitzen eta gero, Bilbotik Donostiara etorri nintzen. Baina Hernanirekin harreman hori mantendu dut. Nire gurasoak eta familia bertan bizi dira... Baina ni bizi, bizi, hogei bat urterarte bizi izan naiz Hernanin.
Orain, ‘Gaur Egun’ albistegia aurkezten duzu, baina EiTB-n lehenago hasi zinen lanean, ezta?
Bai. Ikasten ari nintzela, karrerako hirugarren mailan, beka batzuetara aurkeztu nintzen. Horrela, 20 bat urterekin edo, EiTB-n beka horrekin sartu nintzen. Gero, sustituzioak egiten hasi nintzen eta karrera amaitu eta berehala, oposizioak atera ziren. Ordutik, EiTB-n nago; 20 urtetik gora daramatzat jada.
Asteburutan lan egitea
gogorra al da?
Urte gehienetan asteburuetan egin dut lan, baina nik borondatez egin dut. Gogorra da familiarekin ezin dituzulako asteburuetako plan horiek egin. Senarrarekin eta hiru umeekin asteburuetan ez egon ahal izatea gogorra da.
Baina, era berean, nire senarrak eta nik egin dugun aukera bat izan da. Beti batekin edo bestearekin daudelako eta ez ditugulako inorekin utzi behar. Gogorra da, baina bere alde onak ere baditu. Hiru egunetan egiten dut lan: ostirala, larunbata eta igandea. Orduan, astelehenetik ostegunera, lau jai egun dauzkat. Egun horiek denbora asko uzten didate. Garai batean, denbora librea uzten zidaten niri gustatzen zaizkidan gauza asko egiteko. Eta orain, umeak dauzkadala, beraiekin denbora asko egoten naiz. Ez asteburuetan, baina bueno, astean zehar. Beraz, bere alde onak eta txarrak dauzka. Eta egia esan, nik nahiko ondo eramaten dut.
Kazetaritzan matrikulatu zinenean zertan uste zenuen bukatuko zenuela?
Egia esan, ez dakit. Niri kazetaritza gustatzen zitzaidan eta hasi nintzen zer aurkituko nuen eta zer gustatuko zitzaidan jakin gabe. Ez neukan ezer argirik buruan. Ez nekien telebistan, egunkari batean edo irratian lan egin nahi nuen. Bizitzak bide batetik eramaten zaitu, nik hori jarraitu eta horrela bukatu dut. Baina ez, hasi nintzenean, ez neukan ezer garbi.
Hainbeste urte telebistan pasa ondoren, beste komunikabideren batean lan egingo zenuke?
Egia esan, telebista asko gustatzen zait eta oso gustura nago. Aukera asko ematen dituen komunikabidea da. Ahotsarekin, irudiarekin... lan egiten duzu eta, alde horretatik, oso aberatsa eta egungoa iruditzen zait. Baina badaukat irratia probatzeko grina. Prentsarekin adibidez, ez dut hainbesteko falta somatzen. Baina askotan pentsatzen dut, irratiak ere baduela xarma berezia eta hori probatzea gustatuko litzaidakeela.
Albistegietako aurkezle izatea idatzitakoa irakurtzea baino gehiago da...
Suposatzen da albistegietako aurkezle on batek komunikatu egin behar duela. Gauzak irakurri ez, gauzak kontatu. Jendeak sentsazio hori izan behar du, kontatzen ari zeranarena eta ez irakurtzen ari zeranarena. Gero lortzen den edo ez beste kontu bat da. Baina helburua hori da: komunikatzea eta gauzak kontatzea.
Izango dira gehiago ukitzen zaituzten albisteak. Hernani tartean denean...
Bai, hori egia da. Albisteren batean Hernani aipatzen bada, albiste berezia izaten da niretzat. Zure herria da eta zure herriarekin harremana edo zerikusia daukaten albiste guztiak niretzako bereziak dira. Lankideen artean beti esaten da: ‘aizu, zure herria!’ edo ‘zure herrian ez dakit zer gertatu da!’. Orain Donostian bizi naizenez, Donostiarekin ere gauza bera gertatzen zait, baina Hernani beste gauza bat da: zure herria, zure oroitzapenak... Oso oso berezia da.