Ramos eta Zubimendi txapeldun, ikaragarrizko partidua jokatuta

Kronika - Erredakzioa 2014ko maiatzaren 11

Endika Ramos eta Aiheko Zubimendi hernaniarrek irabazi zuten atzokoan Oiartzunen jokatu zen Euskal Herriko Pala Txapelketa irekiko finala, Larralde urdazubitarraren eta Zumeta usurbildarraren kontra. 25 eta 23arekin irabazi zuten. Partidu oso luzea, ia bi ordukoa izan zen; gogorra eta emozioz betea. Tanto batzuk oso luzeak izan ziren; 4 minutu ingurukoa ere bai, baten bat, aseguratzea baitzen Hernaniko bikotearen helburua, akatsik ez egitea. Hernaniarrak aurretik izan ziren ia partidu osoan, baina bukaera aldera, aurkariek aukeraren bat izango zutela zirudien, 22-21 eta 23-22 aurreratu baitziren. Hala ere, hernaniarrek aurrera egin zuten, eta Ramosek ezkerretik egindako dejadak lortutako tantoak eman zien, azkenean, garaipena. Afizio hernaniarrak ere ez zuen huts egin, eta gozatu ederra hartu zuen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!