Sei kontzertu maiatzean, ikasturte bukaerari errematea emateko

Kronika - Erredakzioa 2014ko mai. 11a, 02:00

Ikasturtearekin batera hasten dituzte Hernani Musika Eskolako ikasleek instrumetu klaseak: akordeoia, biolina, pianoa, txalaparta... Urte osoan zehar ikasi eta entsaiatzen dituzte piezak: irakasleen laguntzarekin Musika Eskolan bertan, eta aukera dutenek, baita etxean ere. Maiatza da dagoeneko, eta aste gutxi gera­tzen dira ikasturtea bukatzeko. Beraz, iritsi zaie orain arte ikasitakoa jendaurrean erakusteko garaia. Aurrez asko en­tsaiatutako piezak eskainiko dituzte datozen asteetan antolatutako sei emanaldietan. Gehienak, txis­tulariena kenduta, kontzertu itxiak izango dira; hau da, ikasleen guraso, lagun edo gertukoei zuzendutakoak.
Akordeoi ikasleen kontzertuak hasiko du zikloa. Bi egunetan emango dituzte: ostegun eta ostiralean, Milagrosako kaperan, 17:00­etan. Soinu tresnen aurkezpena egingo dute hilaren 19an; hirugarren kontzertu hau Biterin izango da, 18:00etan. Laugarren kontzertua teklatu ikasleek eman­go dute, hilaren 21ean; Biterin baita ere, arratsaldeko 18:30­etan. Eta itxia izango den azken kontzertua Musika Eskolako ikasle helduek emango dute;  hilaren 23an izango da, ilun­­­tzeko 19:00­etan, Mila­gro­san.
Doinu herrikoi eta alaiak,
txistularien kontzertuan
Urtean zehar 3-4 kontzertu ema­ten dituzte Hernani mu­sika es­kolako txistulariek; hilaren 25­ean arkupetan emango dutena izan­go da zikloko azkena. Txis­tulariak arkupetan izena jarri diote, eta doinu herrikoiez eta alaiez jantzitako egitaraua an­tolatu dutela azaldu diote Kro­ni­kari: «udaberri-udako fes­ta ga­raia­ri eta ikasturte bukaerari be­­gira osatu dugu errepertorioa».

Hogeita hiru txistularik hartuko dute parte ikasturte bukaerako kontzertuan.

Izenak berak dioen moduan, emanaldia arkupetan izango da, 12:30etan. Txistularientzat ohi­­koak eta ezagunak diren obrak uztartuko dituzte, ikastolen inguruko doinu ezberdinekin; dantzarako soinuek ere, izan­go dute tartea. Abestiak: Ikastolak, Maitea nahi baduzu, Egoki, Añana-Gesaltzako dantzak, Puiuelo, Pello Joxepe, Itxa­ropena, Adaleradun baltsa, Pox­polina eta Haurtxo denok elkarturik.
Musika Eskolako txistu taldea 16 lagunek osatzen dute, bai­na kontzertu berezi honetarako txikien taldeko 7 gaztetxo ere animatu dira. Txistu­la­riak: Eli Ansorena, Idoia Ansorena, Jon Ansorena, Iker Apaolaza, Xabier Apaolaza, Iraitz Apez­te­gia, Ander Arandia, Julen Bera­za, Josu Boneta, Iñaki Eguren (zuzendaria), Nahia Etxeberria, Haritz Ezeiza, Maddi Galarza, Aitziber Garin, Olatz Gonzalez, Ihintza Iriarte, Eider Orueza­bala, Jon Patxe (atabala), Irati Rekondo, Ane Sanz, Ane Telletxea eta Manex Ugalde.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!