Aragoira begira, Peña, Nafarroako zaindari
Ibilbidean abandonatuta dagoen Peña herrixka ezagutuko dugu. Orain dela urte batzuk abandonatutako herrixka honetan, etxeen eta gaztelu baten arrastoak aurkituko ditugu.
Herrixka sortu baino lehen, VII. mendean, Virila abadeak gobernatzen zuen monasterio bat izan zen bertan. Mende batzuk geroago, XI. mendean, Antxo III Nagusiak gaztelua eraiki zuen Nafarroa musulmanen erasoetatik babesteko. Urte batzuk geroago Nafarroa eta Aragoiko erresumen arteko muga izan zen. Peñako herrixka Nafarroako aldetik muga zaintzeko gaztelua zen. Beste aldean Sos del Rey Catolico zegoen. Lur hauetan gatazka eta liskar ugari gertatu ziren bi erreinuko gudarien artean. Gaztelakoek 1512. urtean Nafarroako erresuma indarrez hartu ondoren, Fernando II Katolikoak aginduta, Nafarroako beste hainbat gaztelurekin egin bezala, Peñakoa ere bota egin zuten.
Walker kapitaina, pilotu aliatu zorte txarrekoa
Herritik kanpo kanposantua dago. Bertan, Walker kapitainaren, pilotu aliatuaren hilobia dago. Nafarroako txoko honetan erori zen bere hegazkina 1943 urteko azaroaren 11n. Walker kapitaina eta bere Crow kopilotua Frantziako hego aldean zebiltzan hegan, Tolosako inguruetan, antiaereo alemanek tiroz jo zituztenean. Kapitainaren asmoa zen Pirineoak zeharkatu, eta Ebroko lautadetan lurreratzea. Helburua ia erdietsita zeukatenean, hegazkinak su hartu, eta parakaidasarekin salto egitea erabaki zuten. Saltatzen lehena kopilotua, eta Sos del Rey Catolico inguruan lurreratzea lortu zuen. Ondoren Walker kapitainak salto egin zuen, baina zorte txarra izan zuen parakaidasa hegazkinean trabatu baitzitzaion. Hegazkinarekin batera jo zuen lurra eta hil zen. Orduko biztanleek herriko hilobian lurperatu zuten.
Monje beneditar bat, azken biztanlea
Herrixka 1955 urtean behin betiko hustu zen eta biztanleak (langileak eta nagusiak) Torre Peñara bizitzera jaitsi ziren. Bertakoek kontatzen dutenez, herria hustu eta handik hamar urte ingurura monje beneditar batek goian, herrixkan, bakarrik bizitzeko baimena eskatu zuen. Han igaro zituen hainbat urte urik eta elektrizitaterik gabe. Beharren bat zuenean zapi zuri bat jartzen omen zuen bizi zen etxearen leihoan eta basozaina igotzen zen zer behar zuen jakitera. Monjea urtean behin bakarrik jaisten omen zen behera. Egun horretan denetatik jan, guztiekin hitz egin eta bainu beroa hartzen omen zuen. Hurrengo egunean berriro igo eta hurrengo urtera arte. Urte asko iraun zituen horrela. Zaharra zela, istripua izan zuen eta bertan gehiago ez bizitzeko konbentzitu zuten.
Gailurreraino igo ez
Elkarteko egutegian Peña mendia aipatu arren, gailurreraino ez gara iritsiko. 1993 urteaz geroztik gailurra eremu pribatu baten barnean dago. Beraz gure gailurra herrixka barruan, dorrearen alboan dagoen baserri itxura duen posta ontzia izango da.
Ibilaldia burutu ondoren, autobusez, Sos del Rey Catolico herrira hurbilduko gara eta herria bisitatzeko aukera egongo da. Erdi aroko herri harresitu ikusgarria da eta multzo historiko artistikoa izendatuta dago.
Ibilbide zailtasunik gabea, eta urik gabea!
Ibilbidean toki batetik igo eta bestetik jaitsiko gara. Torre Peña atzean utzi ondoren, etxe zuri baten alboan pista bat jaiotzen da. Hori hartu behar da. Berehala bidegurutze batekin egingo dugu topo. Hemen ezkerrera hartu eta Peñako sakanetik igotzen den pistari jarraitu behar zaio. Pistak gogor egiten du gora eta 300 metroko desnibela burutu ondoren Peña herrixkara hurbilduko gaitu.
Gazteluak izan zituen dorreen arrastoak herrixkaren goiko partean ikusi daitezke. Interesgarria da bisitaldiari denboratxo bat eskaintzea. Herrixka ez dago guztiz abandonatua. Bere San Martin de Tours eliza eta beste hainbat eraikin berritzen ari dira.
Hilobia eta herrixka bisitatu ondoren jaitsierari ekingo diogu, eta artadi batean barrena, Torre Peñara iritsi gara.
Aholkua. Bide osoan ez da iturririk. Beraz, derrigorrezkoa da urez ondo hornitzea.
Datu interesgarriak
- Distantzia: 9 Km.
- Denbora: 3 ordu.
- Desnibel metatua: 350 m.
- Zailtasuna: Zailtasun berezirik gabekoa.
- Beharrezko materiala: mendiko material arrunta.
- Mendiriz Mendik maiatzaren 18an egingo du irteera hau.