Txalapartaren eboluzioa nabarmena izan da azken hamarkadetan, eta horren testigu izan da Hernanin antolatzen den Txalaparta Festa. Bi festa egun antolatu dituzte aurten, 28. edizioaren bueltan: datorren ostirala eta larunbata. Hiru atal nagusitan banatu dute: atal teorikoak, emanaldi bereziak eta Txalaparta Festa
Kontzertu didaktikoa, ‘Hutsun’ taldearekin
Topaketara gerturatzen direnek ostiral iluntzean dute aurreneko zita: Hutsun taldearen emanaldia. Kontzertu didaktikoa izango da, txalapartaren eboluzioaren berri emango baitute bertan. Jatorritik hasi, eta gaur egungo era moderno eta garaikideraino iritsiko dira. Erritmoak non, noiz, nola eta zergatik sortu ziren azalduko dute; eta ondoren jo egingo dituzte, bertaratutako guztien gozamenerako: «tradiziozko taupadei, elementu berriak gehituz joan gara: egur mota ezberdinak eta material berriak, harria, burdinak, bidoiak... Horri esker, soinu propioak lortu ditugu».
Kontzertua Biteri kultur etxean izango da, 19:30etan; sarrerak 6 euro balioko du.
Festa irekia, gauerdian
Gauerdiko 00:00etatik aurrera Atxur tabernan izango du segida festak. Txalaparta Party Aparta antolatu dute. Bi DJ ariko dira musika jartzen, eta txalaparta bat ere izango da bertan, nahi duenak jo dezan. Festa irekia izango da; hortaz, herritarrak animatu nahi dituzte gerturatu eta probatzera.
Festa, goizean goizetik
Larunbata dute egun garrantzitsua. 11:00etatik aurrera Ttakun 3.0 programa aurkeztuko dute Musika Eskolan. Txalapartarako zehazki diseinatutako programa da, orain hobetu eta modifikatu dutena. Sarrera librea izango da.
Egurdi partean erromeria ibiliko da kaleak girotzen. 12:00etan aterako dira Hernani Musika Eskolako Alboka, Dultzaina, Trikitixa eta Txistu taldeak. Txalaparta saio libreak izango dira protagonista eta eszenatokia, Tiloseta. Sagardoa edateko aukera ere jarriko dute; eta denda txiki bat ere bai, txalapartarekin lotutako materiala erosteko.
Indarrak berreskuratzeko tartea ere jarri dute. Eguerdian bazkaria antolatu dute Atsegindegin. Txartelak aurrez erosi behar dira: Musika Eskolan, 943 33 70 50 telefonora deituta edo aitorbeltran@yahoo.es edo soinuenea@soinuenea.org.
Larunbat eguerdiko bazkarirako txartelak salgai daude Musika Eskolan, emailez eta telefonoz.
Jaialdi nagusia, arratsaldeko 17:00etan hasiko da. Euskal Herriko txoko ezberdinetatik etorritako txalapartariek hartuko dute parte; eta Bertso Eskolako kideen laguntza ere, izango dute.
Eta bukatzeko, aurtengo nobedadeetako bat: Txalapoteoa. Jaialdi nagusia bukatzean, herrian zehar zabalduko dituzte txalaparta hotsak. Tabernaz taberna ibiliko dira txalaparta jotzen, indarrak agortu arte!