Karlos Elgezua, garaiko euskal pertsonaje ezagunak irudikatu zituen eskultorea

Kronika - Erredakzioa 2014ko mai. 10a, 12:31

Karlos Elgezua Lasuen eskultore ezaguna izan zen. 1898an jaio eta 1987an hil zen, eta bere bizitza eskulturari dedikatu zion. Langile
porrokatua eta garaiko kultura, artea eta herriarekin lotura haundia mantendu zuena. Astigarragako seme-kuttuna da, 1998tik.

Eibarren jaio zen 1898an, eta Donostian hil, 1987an. Karlos Elgezua Lasuen eskultoreak bere garaiko euskal pertsonaje  ezagunak irudikatu zituen, eta  errekonozimendu haundia izan du garaiko artista gisan. Bes­teak beste, San Telmo museoan leku berezia eman izan zaio, Ignacio Zuloaga­rekin batera, euskal eskultorerik esanguratsuenen lekuan. Bes­teak beste, berea da Atano IIIaren eskultura egurrezkoa, edo Astigarragako elizan da­goen Jesusen eskultura, gu­ru­tzea bizkarrean duena.

Astigarragan bizitua, urte askoan
Ibai-ondo etxea egiteko propio eskatu zion bere lagun Pablo Zabalo arkitektoari, es­kul­tore lanetarako tailer gisan erabili ahal izateko. Aurrez ere As­ti­garraga ondo ezagutzen zuen. Pixkanaka lagun giroa bertan egin zuen. Gustoko zuen lekua: «Donostia eta Hernani bitarteko tranbia go­zamena zen, bertako paisaje zo­ragarriak ikusteko», zioen Elgezuak berak. Astigarragako Pakita Garaiza­ba­lekin ezkondu zen, eta Ibai-ondon bizitu ziren, Arantza alabarekin batera, Elgezua gaixotu zen arte.

Txikitako nahia, eskultore
Marrazkia eta eskultura izugarri gustokoak izan zituen beti Elgezuak, eta bere gurasoen iritziaren kontra, horixe ikastea erabaki zuen. Oso gazterik lortu zuen lehendabiziko saria, eta orduan egindako bere aitaren eta amaren bustoak oraindik ezagunak dira. 16 urterekin Gasteizera joan zen, eta talla ikasi zuen. Han egindako lanak bi errealen truke erosten zizkien maisuei, berak etxera eraman ahal izateko. Bilbon egin zuen soldaduska, eta libre zi­tuen tarteak aprobetxatu zituen Arte eta Ofizioen eskolan ikasteko, eskultura-ikasle moduan, Basterra irakaslearekin.
1928an jaso zuen Gipuz­koako artista gazteen saria, eta berehala hasi ziren bere aldeko kritikak. Hor sentitu zen artista bere punturik gorenean, eta Paris eta Erromara joatea erabaki zuen. Han ikusi zituen museoak eta arte eskola ezberdinak, eta bere teknikak perfekzionatzeko aprobetxatu zuen.

1928an jaso zuen Gipuzkoako artista gazteen saria eta bere aldeko kritikak hasi ziren.

Garai hartako kultur munduan erabat sartua zegoen.

Garaiko pertsonaje ezagunak
Elgezuak lan asko egin zuen eta eskultura, busto, eta margolanak asko utzi dizkigu. Erlijiosoa zen, sinistuna, eta bere lanetan ere antzematen da hori. Bes­teak beste, Madrilen egon zenean San Luis elizako Jesukris­toa­ren erreprodukzioa egin zuen, eta berea da Astigarragan Gurutz bidean ateratzen duten Jesusen irudia ere.
Euskal kirolariak ere irudikatu zituen, besteak beste Ata­no IIIa pelotari ezaguna, bere lanik ezagunenetakoa. Kepa Enbeita Urretxindorra bertsolaria, garaiko bertsolari onenetakoa ere irudikatu zuen, eta hain zuzen horixe dago Astiga­rra­gako Pleno Aretoan.

Harreman haundia, kultur munduko jendearekin
Garai hartako kultur munduan sartua zegoen, eta ezagun egin dira Micaela tabernan egiten zituzten afariak, besteak beste, Patxi Telletxea, Artetxe, Manuel Lekuona, Nemesio Etxaniz, Koldo Mitxelena, Zeleta eta abar luze batekin. Norberto Alman­doz ere lagun haundia egin omen zuen.

Astigarragako herriaren aitorpena
Izan zenagatik, eta egindako lan guztiagatik, Astigarragako he­rriak seme-kuttun izendatu zuen Elgezua, 1998an, herriari era­bat lotuta egon zen artista.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!