Asteburuan, Astigarragako txirrindulari batzuk Udalari jakinarazi zioten Santiomendiko bide batetik jaisten ari zirela ia istripu larri bat izan zutela, ohiko bidean, kable bat zegoelako jarria alderik alde. Gertaera horrek zalaparta sortu du herrian eta Udalak jakinarazi du, kable arriskutsu hori, terreno pribatu batean dagoela eta partzela baten itxitura izateko asmoarekin jarri dela horrela. «Udala lur eremuko jabearekin jarri da harremanetan eta honek bere kezka adierazi du bere lurretatik txirrindulari, oinezko eta zaldunak etengabe pasatzen direlako», azaldu du Udalak.
Lurraren jabeari argi utzi dio Udalak eskubide osoa duela eremua ixteko, baina itxitura egiterakoan arriskutsua izan daitekeen baliabiderik ez erabiltzeko eskatu dio.
Bide publikoak erabili
Bide publikoak erabili behar direla azpimarratu du Udalak: «Txirrindulari, zaldun eta oinezkoek bide publikoetatik ibili behar dute eta baimenik gabe ezin dira lur eremu pribatuetan sartu. Santiomendin begi bistakoa da bide publikoak zeintzuk diren». Bide publikoak ere arduraz erabili behar direla eta abiadura egokian ibili behar dela nabarmendu dute: «Izan ere, azken aldian, Santiomendi eta Txoritokietako bizilagunen kexak areagotu egin dira zenbait moto, quad edota txirrindulariren abiaduragatik».
Udalak espero du horrelako gertaerarik ez errepikatzea.