Aranoko hagina, mantendu beharreko altxorra

Kronika - Erredakzioa 2014ko mai. 10a, 02:00

Hagina (Taxus baccata) zuhaitz sakratua izan zen bere garaian euskaldunentzat. 2.000-3.000 urtez bizi daiteke eta hilezkortasunaren sinbolo izan da. Gaur egun, hagin gutxi ikusi ditzakegu inguruan. Horietako bat, Aranon dago.

Aranoko hilerrian bada hagin bat (Taxus baccata)... edo Jakoba Errekondok dioen bezala, hilerria bada hagin baten ondoan. Izan ere, herriko zuhaitzik garrantzitsuena dela dio agronomo eta paisajista usurbildarrak eta baita ondare inportanteenetakoa ere. Eus­kal Herri osoan gurtu izan den zuhaitz mota da hagina, sakratua, baina urteekin gal­tzen joan da. Hagin hori bertan mantentzeak sekulako garran­tzia du Errekondoren­tzat. Altxor bat dago, beraz, Aranon.

Hilezkortasunaren sinboloa
Errekondok azaldu duen bezala, garai batean, kanposantu, etxe atari eta herriko plazetan asko izaten zen hagina. «Hagina oso inportantea izan da euskaldunentzat, orain haritza edo pagoa den bezala. Hilezkortasunaren sinboloa da, 2.000-3.000 urte bizi baitaiteke hagin bat. Etxea tximistetatik eta suteetatik ba­bes­teko jartzen zen, ganadua babesteko uztarrietan haginaren hostoa markatzen zen... Gipuz­koako armarrian ere hiru hagin aza­l­tzen dira» , dio. Oso egur ona du haginak, gogorra eta flexiblea, eta oso erabiliak izan dira arkuak egiteko edota altzarigin­tzarako eta tornugintzarako.

Modu askotan persegitua
Hagina asko galdu da azken urteetan eta hiru arrazoi nabarmendu ditu Errekondok:   «Alde batetik, gurtza paganoa zen haginarekin lotutakoa eta elizari ez zitzaion interesatzen mantentzea. Bestetik, egur oso ona duenez, sekulako sarraskiak egin dira. Eta azkenik, landare benenosoa da, abereak ere hil izan dira hagina janda eta beldurra hartu zaio».
Aberastasun haundia galdu dugula dio: «Modu guztietatik persegitua izan den landarea da eta gaur egun batere gabe gaude. Aberastasun haundia galdu dugu eta oso zaila da hori berreskuratzea. Pausoak eman behar dira eta geratzen direnak relikia batzuk direnez, mantendu egin behar dira».
Ia 3 metroko diametroa
Haginak, esan bezala, milaka urtez bizi daitezke eta oso poliki hazten den zuhaitz mota da.     Zaharrak, gero eta polikiago. Aranokoak ia 3 metroko diametroa du eta tamaina hori kontuan hartuta, ehundaka urte batzuk izango dituela kalkulatzen da.
Hagina, konifero mota bat da eta konifero gehienak bezala, hostoak berde ilun xamarrak ditu eta urte guztian mantentzen ditu. Hostoak linealak eta puntazorrotzak dira.
Zuhaitz dioikoa da, hau da, arrak eta emeak daude. Dena dela, batzuen esanetan, monoikoak ere izan daitezke, alegia, zuhaitz bat bera izan liteke ar eta eme, urte sasoiaren arabera.
Loreak, arrek eta emeek izaten dituzte, txikiak eta ho­riak, baina bi kasuetan desberdinak. Emeek koxkor gorriak ematen dituzte: fruituak.

Hiru arrazoirengatik galdu da hainbeste hagina: gurtza paganoa zelako, egur oso ona duelako eta benenosoa delako.

Fruta estimatua, zozoak eta birigarroak
Fruituak dira, eraztun mami­tsu gorri bizi batez (ariloa) inguratutako haziak. Eta haginaren ariloa oso janari estimatutzat dute zenbait hegaztik. Aranoko haginak urtero izaten ditu pinporta gorriak eta zozoek eta birigarroek amorratuta jaten dituztela azaldu diote herritarrek Kronikari. Hagina­ren atal guztiak (enborra, hostoak, loreak, haziak...) pozoi­tsuak dira, ariloa izan ezik.
Bestalde, urte sasoi guztian mantentzen duenez hostoa, hegaztien babeserako ere balio du, neguan.
Haginari hezetasuna gustatzen zaio, baina ia edozein tokitan hazi daiteke. Arrak, emeak baino azkoz haundiagoak izan daitezke.

Fruituaren mamia ez da pozoitsua; gainerako guztia, bai.

Gerrarako, medikuntzarako...
Haginaren egurrak erabilera mota asko izan ditu Neolitiko garaitik hona. Eta aipatu bezala, arkurik onenak ere, haginaren egurrarekin egiten omen dira. Adibidez, arku luze ingelesa deiturikoa (longbow), haginarekin egina da. Erdi Aroan erabiltzen zen ehizerako eta gerrarako, eta oso arma indar­tsua zen. Euskal Herriko haginak Ingalaterrarako moz­tu izan direla ere esan izan da. Eta baita gerra denboratan, inbaditutako lurretako haginak txikitzen zirela, bertakoek ezin zezaten kalitatezko arkurik egin.
Bestalde, kontatzen da,  erromatarren aurkako gerretan, euskal gudariek zuhaitz honetatik lortutako pozoiarekin bustitzen zituztela beren geziak. Eta preso hartzen zituztenean, beren burua hiltzeko erabiltzen zutela. Gerra Zibile­an kontrarioen zaldiak pozoi­tzeko ere erabili omen zen.
Medikuntzan ere baditu zenbait erabilpen haginak. Suge hozkaren kontra erabili izan da eta abortua eragiteko ere bai. Baita narkotiko moduan ere, besteak beste.

Lurralde zeltikoetan, sakratua
Hagina zuhaitz sakratua izan da lurralde zeltikoetan ere: Bretai­nian, Galesen, Irlandan, Esko­zian... Baita Penintsula Iberikoaren lurralde zeltikoetan ere: Galizia, Asturias edota Kan­tabrian. Lurralde horietan ere mantentzen dira ehundaka eta mila bat urte dituzten haginak. Baina, orokorrean, asko galdu da hagina.
Greziarrek eta erromatarrek «heriotzaren zuhaitza» deitu omen zioten haginari. “Hilerrietako zuhaitza” bezala da ezaguna toki askotan, gure arbasoen hileta zuhaitza izana baita.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!