“Galtzea, ez da gure planen barruan sartzen”

Kronika - Erredakzioa 2014ko mai. 10a, 02:00

Senior neskek igoera dute jokoan. Final Fourreko finalerdia jokatuko dute gaur Atletico San Sebas­tianen aurka, 20:00etan, Manteon (Donostia). Irabaziz gero, finala jokatuko lukete bihar, 11:00etan. Irabazten duen taldea, liga nazionaleko bigarren mailara igoko da.

Asteburu garrantzitsua dute aurretik Mundarro-La Salleko senior neskek. Mailaz igotzeko Final Fourra jokatuko dute, hain zuzen. Bigarren geratu dira eta hirugarrenaren aurka neurtuko dira; Atletico San Sebastianen aurka. Finalerdia jokatuko dute gaur 20:00etan, Manteon (Do­nostia). Irabazten badute, finala jokatuko dute bihar 11:00etan.
Lara Sanchez jokalari astigartarrak eta Aitor Lopez entrenatzaileak finalerdia irabaziko dutela espero dute. “Aurretik ligan jokatutako bi partiduak irabazi egin dizkiegu. Finala, beste kontu bat izango da. Pentsatzen dugu Bera Bera Gros izango dela finalera pasako den beste taldea eta bere aurka jokatutako bi partiduak galdu egin ditugu. Lehenengoak geratu dira ligan eta beraien aurka bakarrik galdu dugu”. Hala ere, konfian­tzarekin daude: “Gure planetan ez da sartzen galtzea. Gainera, bigarren partidua beraien aurka jokatu genuenean askoz hobeto jokatu genuen. Gerra emango dugu. Gogoarekin gaude behin­tzat”, dio Sanchezek. Urteak bete berri ditu eta oparirik onena irabaztea izango dela dio.
Denboraldi positiboa
Senior neskek, iaz liga nazionalean jokatu zuten, lehenengo mailan. Mailaz jaitsi ziren eta berez, aurten, bigarren mailan jokatu behar zuten. Dena dela, beterano askok utzi egin zutenez, taldeak jokalari berri asko zituen, eta gazteak. Hori horrela, maila bat behe­rago hastea erabaki zuten, hau da, Gipuz­koako ligatik hastea.
Denboraldiaren balorazioaz honakoa dio entrenatzaileak: “Denboraldi hasierako helburua bete da. Talde berri bat zen, hiru bakarrik geratu ziren eta juniorretatik 4 igo dira. Beste bostak leku desberdinetatik etorri dira. Ez ziren ondo ezagutzen elkarren artean eta ikusi dugu oso ondo moldatzen direla. Helburua hori zen, ondo moldatzea, eta lortu dugu. Emaitza: Final Fourra”. Aurreneko urtea zuen senior nesken entrenatzaile gisa eta oso gustora dago.
Sanchez, taldean geratu den hiru horietako bat da eta denboraldi oso positiboa izan dela dio: “Guretzat ere dena berria zen. Beti zaharragoekin jokatu izan dugu eta orain gu izan gara zaharrenak. Askok 18 urte inguru dituzte, media 21 urtekoa da, eta ez genekien nola joango zen. Baina oso denboraldi ona izan da eta oso pozik gaude. Irabaz­teaz gain, oso ondo moldatu gara. Positiboa izan da dena, afariak ere egin di­tu­gu... Disfruta­tzen ari gara. Igo­tzea lortzen badugu, hobe, baina orain daukagun taldea manten­tzea da garrantzitsuena. Urte gogorrak izan ditugu. Aurreko urtea liga nazionaleko lehenengo mailan egin genuen eta partidu guztiak galdu genituen. Horrek taldean eragina du eta horrelako zerbait behar genuen. Oso ondo etorri zaigu morala igotzeko eta indartzeko. Horrelako denboraldi gehiago nahi ditut”.
Lopezentzat ere, garrantzi­tsua da taldeak osorik jarraitzea: “Taldea horrela, sendo badago, emaitzak etorriko dira”.

 

Bi astigartar taldean
Taldea, 9 jokalarik osatzen dute gaur egun. Bi dira Astigarragakoak: Lara Sanchez eta Paula Pozo. Sanchezek 23 urte ditu eta 7 daramazki Mun­darro La Sallen. Pozok 17 urte ditu, juniorra da berez, eta aurten sartu da taldean. 1,80 m eta 1,92 m neurtzen dituzte. Pibotak dira biak.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!