Udalak 500.000 euro aurreikusi ditu 2015eko aurrekontuetan, hernaniarrek erabaki dezaten zer egin eta zer hobetu behar den. Aurrekontu Partehatzailearen programa aurkeztu zuten asteazken iluntzean Udalean, Luis Intxauspe Alkateak eta Maitane Barrenetxea Aztikerreko teknikariak. Talde eragile bat osatu dela azaldu zuen Alkateak, Udaleko ordezkari, kultura, kirol, auzo elkarte eta bestelako eragileekin batera. Intxauspek zioen, ez dela aurreneko aldia Udalak halako prozesu bat martxan jartzen duela, eta oraingo honetan, beste urrats bat ematea erabaki dela: «Udalak aurrekontuen zati bat aurreikusi du prozesu honetarako. Herritarrek proposatu, eztabaidatu eta lehenetsi dezaten. Diru partida hau 2015eko aurrekontuari dagokio»
Gobernu Taldearen iniziatiba honek gainerako udal taldeen oniritzia duela ere, azaldu zuen Alkateak: «proposamenak jasotzen direnean, Udal talde guztiak onartzea da helburua, konsensu politikoa izatea inportantea da».
Proposamenak egiteko bilerak antolatu dituzte, gaien arabera banatuta. Maiatza eta ekainean bost hitzordu jarri dituzte.
Helburua: proposamenak egin, eztabaidatu eta
erabakiak hartu
Aztikerren laguntza izango du Udalak prozesu partehartzailea martxan jarri eta bileren dinamika aurrera eramateko. Maitane Barrenetxea teknikariak azaldu bezala, helburua izango da herritarren proposamenak jaso, eztabaidatu eta erabakiak hartzea. Bide hori egiteko herritarrekin egingo den lana azaldu zuen Barrenetxeak: «hausnarketa bat egingo da herritarrek eta herriak dituen beharren inguruan. Proposamenak beraz, behar horietan oinarritutakoak izango dira. Azken pausua izango da, proposamen horien inguruko hausnarketa egitea. Irizpidea eta garrantzia izango dira eztabaidarako bi puntuak, eta ondoren, beharrak lehenetsi egingo dituzte».
Beste bide batzuk era baudaude proposamenak bideratzeko: Udalak jarriko dituen postontziak edo ‘www.hernani.net’
Proposamenak jasotzeko
bi modu
Barrenetxeak azaldu zuenez, prozesuak bi atal izango ditu.
Batetik, lurralde ikuspegia izango dute kontuan; hau da, auzoen inguruko hausnarketa egingo dute, beharrak identifikatu eta proposamenak jasotzeko guneak jarriko dituzte. Proposamen hauek Partehartze Batzordean jasotzea espero dute, bertan biltzen baitira auzoetako ordezkariak.
Bestetik, gaikako ikuspegia izango dute oinarri. Kirola, euskera, kultura, ingurumea, parekidetasuna... arloko proposamenak jasotzeko saio irekiak egingo dituzte.
Partehartze prozesua
hiru fasetan
banatuta
Prozesu partehartzailean, Hernaniko eragile eta herritarrek egin ditzakete proposamenak. Hiru fase izango ditu.
Maiatzean eta ekainean zehar proposamenak egiteko aukera izango da. Nola? Biteri kultur etxean, Udalean eta Kiroldegian buzoiak jarriko dituzte; Internet bidez egiteko auker ere izango da, www. hernani.net web orrian. Eta gaiaren araberako saio irekietara joanda ere, egin litezke.
Bigarren fasean, udal langile eta teknikarien txanda izango da. Udan zehar proposamenak aztertu eta baloratu egingo dituzte, eta bideragarriak zeintzuk diren zehaztuko dute. Horretarako kontuan izango da kostu ekonomikoa, jasangarritasuna, teknikoki posible den...
Eta azkenik, irailean proposamenak eztabaidagai jarriko dira herritarren artean. Fase honetan erabakiko da 2015eko Udal Aurrekontuetan zein proposamen sartuko diren.