Etxeratek Pilotakadaz Pilotadaka, Sakabanaketaren aurka frontoiak bete ekimena antolatu du gaurko hainbat herritan, «preso eta iheslarien eskubideak aldarrikatu eta dispertsio politika salatzeko».
Hernanin, esku pelota eta pala partiduak egingo dira. Ondoren, barrene herrikoia eta manifestazioa. Segidan herri bazkaria, eta bukatutakoan, enkantea.
Partiduak herri osoan
Frontoiak betetzen hasteko asmoarekin, esku pelota eta binakako pala txapelketa azkarrak jokatuko dira herriko hainbat frontoietan. Izena eman dutenek badakite non jokatzea egokitu zaien: Hernanin bertan edo Ereñotzun.
Finalak ere jokatuko dira, eguerdiko 12:00etan.
12:30etan barrene herrikoia egingo da, eta 13:30etan, manifestazioa.
Barrene herrikoian parte hartzeko deia
Partiduak bukatuta, kanporaketa edo barrene herrikoia egingo da, eguerdiko 12:30etan Tilosetan.
Helburu nagusia frontoiak betetzea denez, ahalik eta jende gehien animatzeko deia luzatu dute antolatzaileek. Hau bukatuta, manifestazioa egingo da herrian barrena, 13:30etan Gudarien Plazatik aterata.
14:30etan, berriz, bazkari herrikoia egingo da, eta hau bukatuta, 17:30etan, enkantea. Guztia, Tilosetan.