«Zerbait egiteko benetako gogoak dituzunean, beste sasoi batean sakrifizioa izan daitekeena helburua lortzeko bidea da eta ez da batere kostatzen»

Kronika - Erredakzioa 2009ko abe. 13a, 01:00

Arnaitz Lasarte

Duela hilabete, mendizale astean, Antton Zabalari buruzko proiekzioa aurkeztu zenuen Ekaitz?. Nola sortu zen emanaldi hura egiteko ideia?

ANTTON: Mendiriz Men­di hernaniko mendi taldeak urtero antolatzen du mendi aste bat. Eta aste horretan, egun batean hernaniarrei bere emanaldiak aurkezteko aukera ematen zaie. Aur­tengoan nere osabari eskatu zioten egiteko. Baina, bazekienez Ekai­tzek nere argazki eta bideo asko zituela, berari eskatu zion montaje bat egiteko.

EKAITZ: Andoni Araba­ola­zak (Anttonen osabak), Anttoni buruz argazki eta bideorik neukan galdetu zidan, eta baietz erantzutean, emanaldiarena proposatu zidan. Niri bideo eta argazkiekin saltseatzea gustatzen zaidanez eta Anttoni buruz material dexente neukanez baiezkoa eman nion.

Proiekzio hartan zer agertzen zen?

EKAITZ: Nere ikuspegitik eta neukan materialarekin, Antton Zabala eskalatzailea nor den agertzen da, edo horretan saiatu nintzen behintzat.

ANTTON: Nere ibilbideko argazki eta bidioek osa­tzen zuten emanaldia: txapelketetako eta arrokako argazkiek, hauetako grabazio ba­tzuk ere bai. Bukatzeko nere osabari elkarrizketa umore­tsu bat ere egin zion, (jajaja).

Zer dela eta egin zuen bideoa Ekaitz Maizek? Aurretik ezagutzen zinetela esan duzue.

EKAITZ: Azken finean Antton lagun ona dudalako egin nuen bideoa nik. Nahikoa ezagutzen dudala uste dut ; txapelketetan, bidaietan, eskalatzen, parrandan ere sarritan ibili gara elkarrekin.

ANTTON: Horrela da bai. Ondo baino hobeto ezagutzen dugu elkar. Duela urte batzuk txapelketak zirela eta biak Euskal Herriko selekzioak aukeratu gintuen, eta bertan harreman ona sortu zen. Geroztik, arrokara eskalatzera batera joan gara askotan eta bidaia bat edo beste ere egin dugu elkarrekin, baita jende gehiagorekin ere. Aipatu nahi nituzke osatzen genuen talde hartako beste batzuk ere: Galatas, Kara, Oier, Aritz, Sarteneti… ederki pasatzen genuen elkarrekin.

Txapelketak aipatu dituzu Antton. Eskaladan ere beste kirol denetan bezala txapelketak garrantzia handia du ezta?

ANTTON: Bai. Egia esan nik txapelketei garrantzi handia ematen diet. Hala ere, txapelketei dagokionez, eskalada ez da beste edozein kirol bezela. Eskalatzaileen %20 inguruk bakarrik konpetitzen du.Txapelketetan ibiltzeko ´balio` egin behar duzu eta zerbait berezia izan eta noski, motibatua egon. Alegia, badago jendea maila oso altua duena baina txapelketetan urduri eta gaizki eskala­tzen duenez konpetitzen ez duena. Beste batzuei berriz, besterik gabe, ez die motiba­tzen txapelketak, nahiago du mendian, arrokan eskalatu.

EKAITZ: Nire kasua da hori. Egunetik egunera urrutiago nago txapelketen mundutik, neretzat eskaladaren esentzia haitzean dago eta rokodromoetan aritzea, hai­tzean ibili ezin dudanaren seinale da (eguraldi txarra edo denbora faltagatik). Gero hori nabaritu egiten da txapelketetan, argi baitago ondo lehiatzeko rokodromoetan entrenatu behar zarela. Nire ustez, txapelketen alderik positiboenetakoa giro sozialarena da, lagun asko egiten dira eta giro ona egoten da normalean, baina eskalada ikuspuntutik, ez dago haitzarekin parekatzerik.

Zuri orduan, gehiago tiratzen dizu arrokak Ekaitz? Beste aukerak badaude txapelketatik aparte.

EKAITZ: Jakina badaudela. Agian bizi naizen inguruagatik da (Etxauri), baina harrian eskalatzeko aukera izan eta rokodromoan sartzen banaiz deprimitu egiten nahiz. Bere egunean, txapelketekin motibatuta egon nintzenean, harkaitza pixka bat alderatu nuen, eta denboraldia bukatu zenean, zerbait galdu nuenaren sentsazioa geratu zitzaidan. Geroztik ez dut harkaitzera joateko aukera izan, eta ez naiz rokodromo batean sartu.

Hala ere, biek hartu zenuten parte Durangon jokatu zen txapelketa internazionalean. Zer nolako esperientzia izan zen?

EKAITZ: Nik ostiral gaueko masterrean soilik hartu nuen parte, eta oso gustora aritu nin­tzen, oso esperientzia aberasgarria izan zen. Masterra, txapelketa baino gehiago exibizio bat izan zen eta hori nabaria zen eduki genuen giro bikainean. Patxi Usobiagak kaleratu ninduen, oso zapore onarekin geratu nintzen hala ere.

ANTTON: Niretzako ere esperientzia oso ona izan zen. gustora ibili nintzen eta ondo pasa nuen. Hasieran normalean baino urduriago nengoen, munduko onenetarikoen aur­ka tokatzen baizitzaigun duelo bat. Niri Dani Andrada espainiar famatuaren aurka jokatzea tokatu zitzaidan eta oraindik ez dakit nola, baina egurra eman nion, hortik finalera pasa eta 8. sailkatu nintzen.

Horrelako txapelketa handietan parte hartzeak patrozinadoreak lortzea errazten du?

EKAITZ: Ez pentsa. Babesleak lortzeko, txapelketetan aritzeak baino, maila polit bat izan eta zure burua ondo `saltzeak` garrantzi haundiagoa du. Noski txapelketetan ongi ibiltzeak lagundu dezakeela, baina ez dut uste determinagarria denik.

ANTTON: Nik adibidez, ez dut patrozinadorerik. Ekaitzek esan duen bezala, horretarako mugitu egin behar zara. Onartu behar dut hala ere niri Fortunato klubak ematen didala behar dudan materiala.

Durangokoa bezalako txapelketa garrantzitsuek prestaketa bereziren bat egitea ere eskatuko dizue. Zuek nola prestatu duzue?

ANTTON: Nik ez nuen prestaketa berezirk egin.Udara guztia arrokan eskalatzen pasa nuen, astean 4 edo 5 aldiz eta indartsu sentitzen nintzen. Txapelketa aurreko 2 asteetan soilik sartu nintzen rokodromoan.

EKAITZ: Lehen aipatu bezela, txapelketetan ongi ibil­tzeko rokodromoan entrenatu behar duzu. Nik 2006tik egun zenbatuetan zapaldu dut rokoa.

Ahalegin handia eskatzen dizue eskaladak ezta? Gauza batzuk sakrifikatu beharko dituzue.

ANTTON: Nik ez behin­tzat. Hori motibazioaren araberakoa da, oso motibatua bazaude ´dena` uzten duzu, zure nahia eskalatzea delako. Beste batzuetan ordea, egia da gehiago kostatzen dela.

EKAITZ: Buruan helburu zehatz bat duzunean, bai uzten dituzula beste gauza batzuk alde batean, eta sakrifizio txikiak egin, baina Anttonek aipatu duen bezela motibazioan dago gakoa. Zerbait egiteko benetako gogoak dituzunean, beste sasoi batean sakrifizioa izan daitekeena helburua lortzeko bidea da eta ez da batere kostatzen.

ANTTON: Azken finean, eskalada kirol bat baina gehiago da guretzat eta motibazioa edozein lekutatik ateratzen dugu. Hala ere, horrek ez du esan nahi zerbait ospatu behar bada ez dudala ospatuko parranda on batekin.

Entzun dut elkarren artean apustuak ere egiten dituzuela motibazio gisa? Zeini tokatu zaio orain arte afari gehiago ordaintzea?

ANTTON: Egia esan boladak daude. Lehen nik irabazten nizkion denak, baina azken aldian berak batzuk irabazi dizkit. Lasai, hemendik aurrera ez diot bat gehiago barkatuko.

EKAITZ: Orain arte gutxi barkatu ditu bai, (jejeje). Baina gauza guztietan bezela, boladak izaten dira eta irabaztea bezala, batzuetan galtzea tokatzen da. Hala ere, jokatutakoa gal­tzeak baino, `honrrilla` ho­rrek ematen du amorru gehiago.

Elkar ondo ezagutzen duzue beraz, bata besteari buruz hitzegin ezazue (puntu ahulak, fuerteak).

EKAITZ: Anttonen puntu fuerteenak nere ustez dauzkan dohain fisikoak dira, eskaladarako oso gorputz egokia du, motibatzeko ere erraztasun handia du gainera. Baina erraz motibatzen den bezela, erraz despista­tzen da, (jeje). Eskarmentua hartu ahala ordea, gauza oso politak egiten jarraituko du (edo dugu).

ANTTON: Eskaladaz zeozer dakienak, jakingo du zenbat bide gogor egin dituen Euskal Herriko arroketan, ekipatzaile zein eskalatzaile moduan. Bere puntu fuerte bat eskaladako estilo askotan ondo moldatzeko duen gaitasuna da.Ahula agian, bere amorrua batzuetan ez duela behar bezala kontrolatzen.

Zein da zuen hurrengo helburua?

ANTTON: Ni orain buru belarri abenduaren 19an Arrasaten jokatuko den Euskal Herriko txapelketa prestatzen ari naiz. Oso motibatua nago eta ea zer gertatzen den, hoberenekin ondo lehiatzeko moduan ikusten dut nire burua. Dena eman eta neure buruarekin gustora gelditzera noa Arrasatera. Hori gertatuz gero pozik, eta ondorioz, postu on bat lortuz gero, hobeto.

EKAITZ: Euskal Herriko txapelketa ez da nere helburuen artean sartzen, pareta asko daude gehiago tiratzen nautenak.

Gabonetan elkarrekin bidai bat egiteko asmoa ere ba omen duzue. Nora zoazte? Zer egingo duzue bertan?

EKAITZ: Maroko aldera joatekoak gara, Todran eskalatzen gozatu eta bide batez herrialdea pixkat ezagutzeko asmoa dugu.

ANTTON: Sekulako paretak omen daude Marokon, eta gabonak ilusio handirik egiten ez didatenez gustora joango naiz bertara. Eskalatzeko gogoa eta motibazioa soberan dut, eta ea zer moduz ibiltzen garen.

Eskaladak toki berriak ezagutzeko aukera ere ematen dizue beraz, nun ibili zarete orain arte?

ANTTON: Txina, Polonia, Austria, Frantzia, Suitza, Espainia… ezagutzeko aukera izan dut. Hori da eskaladak ematen didan beste motibazio bat. Batez ere eskalatzera joaten naiz kanpora, baina bide batez, bertako tokiak, kultura eta jendea ezagutzeko aprobetxatzen ditut bidaiak.

EKAITZ: Ni asteartean bertan etorri nintzen Kalym­nosetik (Greziako uharte batetik). Europako ia herrialde guztietan egon naiz eskalatzen ni ere, eta munduko toki askotara joatea gustatuko litzaidake. Pakistan, AEB, Australia, HegoAfrika..... Denborarekin eta gogoen arabera ikusiko da nondik ibiltzeko aukera dugun.

Hainbeste tokitan ibilita anekdotaren bat edukiko duzue.

ANTTON: Esate baterako, gogoan dut Ekaitzek txakurrek jaten dituzten barrita horietako bat ahoan sartu zuenean jarri zuen aurpegia, (jaja).

EKAITZ: Niri ez zidan ba grazia handiegirik egin, (jaja). Anekdota horretaz gain asko bizi ditut urte hauetan zehar.Azken bidaian adibidez, Kalymnosen, Grande Grottan geunden eskalatzen eta gure janarian muturra sartzen hasi zen ahuntz bat, ni uxatzera joan eta adarkada ederra eman zidan lotsagabeak lagunen barre artean!.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!