Hiru helburu ditu gaur ateak zabaltzen dituen ‘Karabeleko’ ekonekazaritza etxaldeak: nekazaritza ekologikoa zabaltzea, baratza-produktu barietateekin esperimentatzea eta buru gaixotasuna duten pertsonen eta beste kolektibo batzuen erreabilitazio psikosoziala lantzea.
Etxaldea 4 gunetan dago banatuta, baina 3 gune nagusiak Portu eta Karabel auzoen arteko bidean daude. Guztira, 10.000 metro karratu baratza dira; 2.000 negutegian eta 8.000 aire librean.
Probak egiteko zentroa
‘Karabeleko’ etxaldea 3 entitateren elkarlanaren bidez sortu da: Kimu Bat lorezaintza enpresa, Blasenea mintegi ekologikoa eta Agifes elkartea. Asmoa da nekazaritza ekologikoaren ekoizpena eta kontsumoa bultzatzea, eta baztertze arriskuan dauden kolektiboen inguruko sentsibilizazioa lantzea.
Bertako arduradunetako batek esan bezala, «batetik, nekazaritza ekologikoaren inguruko aholkuak eta ikastaroak emango dira bertan, baratzezain profesional nahiz amateurrei zuzenduak. Bestetik, proba esperimentalak egingo dira, landareek nola erantzuten duten ikusteko, adibidez, ongarri moduan konposta erabilita, tomatea zutik mantentzeko sistema bat edo beste erabilita...».
Bestalde, «Agifes elkartearen erreabilitazio progametako bat egingo da hemen, eta buru gaixotasuna dutenek lan esperientzia lortuko dute bertan».
Autofinantzatutako zentroa
Ekonekazaritza etxalde hau autofinantzatutako proiektua da, eta, beraz, denda jarri dute. Blasenea mintegiko baratza produktuak, landare eta loreak, haziak, fruta-arbolak, tresnak... daude salgai.