Olinpiadetako hirugarren proba 21:30etan hasiko da: kuadrigetara igo eta herrian zehar lasterketa egin beharko dute erromatarrez jantzitako talde bakoitzeko bina neska eta mutilek. Tartean, beste proba batzuk izango dira.
Desfilea eta 3 proba
Guztira, 11 txanda izango dira, eta txanda bakoitzean bi taldek hartu beharko dute parte. Baina lehenengo, talde guztien desfilea egingo da Urbieta kalean. Kuadrigatik tiraka bi partaide ariko dira, kuadriga barruan pertsona bat joango da, eta atzetik bultzaka, beste bat. Desfilean, bereziki kuadriga barruan dijoanaren erromatar karakterizazioa eta janzkera baloratuko dira.
Gero, proba hasiko da, Urbieta kalean, eta lasterketan zehar beste hiru proba egin beharko dira: lantza jaurti (Hernani Bidaiak parean), Plaza Berritik Kale Nagusira igotzean uztaiak dagokien tokian sartu, eta Kixkaletik Garinerako tartean pelota saskiratu. Lasterketa Tilosetan bukatuko da. Proba bakoitza behin bakarrik egin ahal izango da, asmatu edo ez, eta bakoitza gainditzeak saria izango du, denboran.
Cayus Pupus, epaile
Epaile lanetan Asterix eta Obelixen ezagun zahar bat ariko da: Cayus Pupus. Gutuna idatzi die partaideei.
Abemus Hernanis populus!
Asterix eta Obelixekin (eta Idefixekin) 12 probak egin nituenetik aukera honen zain egon naiz. Eskerrikaskus! Epaile izendatu ninduzuenetik ez naiz geldirik egon. Baina zuek ere ez. Kuadriga batzuk ikusi ditut. Ondo ari zarete lanean! Ibilbidea aztertzen ari naiz orain. Kontuz Atsegindegiko kurban! Guztia ez da erraza izango. Nola ba? Hernaniarrak eta galiarrak beti izan dira borrokarako prest egon diren bi populus. Borrokarako griña kontuan hartuko dut. Baina ez hori bakarrik. Kontuan hartuko dut parte hartzaileen erromatar purutasuna ere. Elkar ikusiko dugu gaur, 21:30etan. Agur Ben-Hur!
Cayus Pupus.