Hernaniko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak, SPRI taldearen bitartez antolatutako tailerrak emango dira datorren astean, doan, Informazio eta Komunikazio Teknologien I. Astean.
Interneti eta komunikaziorako teknologia berriei ahalik eta etekinik haundiena ateratzen ikasteko tailerrak izango dira, publikoaren arabera sailkatutakoak: herritarrei zuzenduak batzuk, komertzioei beste batzuk, enpresei besteak eta sagardotegiei, beste batzuk. Aurkezpenean arduradunek azaldutakoaren arabera, «informazio eta komunikazio teknologiek gero eta garrantzia haundiagoa dute. Horregatik antolatu dira tailerrak: komertzioei lehiakorrago izaten laguntzeko, eta herritarrentzat erabilgarriak diren tresnak ezagutarazi eta gizarteratzeko».
Enpresentzako 4 tailer
Maiatzaren 12tik 15era lau tailer emango dira enpresei zuzenduak, (egunean bat) 09:00etatik 13:00etara Ibaiondo industrialdeako 25garrenean: Web orriak egiteko oinarrizko estrategiak; Mugikortasuna eta gailu mugikorrak; On line marketinaren joerak; eta Doako presentzia nahi dut interneten.
Saltokientzako ikastaroa, aste osoan zehar
Merkatariei zuzendutako ikastaroa aste osoan zehar emango da; astelehenetik ostiralera, 14:00etatik 16:00etara udaletxeko pleno aretoan.
Tailerrak maiatzaren 12tik 16ra bitartean emango dira, eta izena emateko 4 bide daude: www.hernani.net, www.euskadinnova.net, iktastea@hernani.net eta 943 00 09 99.
Learn by doing izena du tailerrak, eta helburua izango da bezeroak erakartzea, eta ikastea nork bere burua ezagutzera ematen mugikorra erabiltzen duten bezeroen artean.
Webgunea, aurkezpen orria sagardotegientzat
Tailer berezi bat izango da, sagardotegiei zuzendutakoa: Txotx! jar zaitez ikusgai interneten. Tailer hau Ibaiondon emango da, maiatzaren 16an, 09:00etatik 13:00etara. Bertan erakutsiko da zein estrategia eta zein alderdi izan behar diren kontuan webgune bat izateko. Bertan parte hartzeko ez da beharrezkoa izango dagoeneko webgune bat izatea, baina dagoeneko sagardotegiko webgunea martxan duenarentzat ere baliagarria izango da.
5 tailer, herritarrei zuzenduak
Herritarrei zuzendutako tailer bana izango da egunero, 18:00etatik 20:00etara udaletxean. Astelehenekoa nerabeeen gurasoei zuzendutakoa izango da bereziki, beren seme-alabek sare sozialak nola erabiltzen dituzten ikasteko. Asteartean, berriz, erakutsiko da nola erabili daitezkeen administrazio publikoek herritarren eskura jartzen dituzten zerbitzuak; adibidez, udaletxeko tramiteak interneten nola egin. Asteazkeneko tailerra izango da autonomo eta negozio txikien jabeek sare sozialak erabiltzen ikasteko. Ostegunean, berriz, interneten saldu eta erosteko modu seguruen berri emango da. Azkenik, ostiralean, Internet eta intimitatearen inguruko tailerra emango da.
Izen-ematea, zabalik eta doan
Informazio gehiago lortzeko edota nahi adina tailerretan izena emateko lau bide daude: www.hernani.net; www.euskadinnova.net; iktastea@hernani.net; eta 943 00 09 99.