Ezker horman, goi mailako finala jokatu eta irabazi zuen Goiatz Manzisidor hernaniarrak, Maider Mendizabal bikote zuela. GRAVNI irabaztea izaten da denboraldiko helburuetako bat, eta aurkari izan zuten bikote arabarra sendoa bazen ere, gipuzkoarrak parekorik ez dutela erakutsi zuten; 30-23 nagusitu ziren.
Ez zen asteburuan hernaniarrek jokatutako final bakarra izan. Trinketean, Miren Goikoetxeak eta Amaia Irazustabarrenak Iparraldearen kontra neurtu zituzten indarrak, baina ezin, 30-25; GRAVNIko azpitxapeldun geratu ziren sub 22 mailan. Jubeniletan ere, antzera. Maider Huizi eta Ariane Arrietak Iparraldearen kontra galdu zuten GRAVNIko finala, 24-30.