«Hernaniar guztien eskuak behar ditugu, gure esku dago» lemarekin bat egin, eta hernaniar guztiak gonbidatu dituzte gaur, Ave Maria parkera. Hernaniko Gure Esku Dago taldeak Udaberri Festa antolatu du erabakitze eskubidearen alde. Nahia da, ahalik eta herritar gehien batzea, eta horretarako, bi ordu inguruko egitaraua antolatu dute.
Ave Maria parkea zazpi gunetan banatu dute, hainbat ekitaldiri lekua emateko: Txosna eta oholtza, artea, musika, dantza, umeak, abentura eta Gune Nagusia. Goizeko 11:00etatik 12:30etara izango dira zabalik, eta eskulanak, ur txirristra, xakea eta bestelako ekintzak izango dira bertan. 11:30etatik 12:30etara herri kirol erronka antolatu dute Gune Nagusian; herriko elkarteak ariko dira, zein baino zein.
Ekitaldi nagusia, festaren ardatza
Ekitaldi nagusiaren bueltan antolatutako ekintzak izango dira festaren ardatza. Ordu erdiren buruan, ekainaren 8ko giza katea entsaiatuko dute, taldeko argazki bat aterako dute elkarrekin, Eskuetan abestiarekin flash mob-a grabatuko dute, eta agurtzeko, amaiera emango diote Udaberri Festari.