jose Luis Orellak dioenez, gauzak ez dira sortzen idatzita azaltzen direnean, baizik eta askoz lehenago. Hernani aipatzen den lehendabiziko idatzia 1014ko datarekin ageri da, baina XII mendeko faltsifikazio bat dela-eta ez dela, eztabaida sortu da, baliogarria ote den edo ez. Orella historialariak asteartean defendatuko du idatzi horren balioa. Faltsifikazio bat izan arren, idatzi horretan azaltzen diren elementuak oso baliagarriak direla dio Erdi Aroko historiako katedradun honek.
Hernani Errotzen taldeak antolatu du hitzaldia, Nabarralderekin batera, asteartean, 19:30etan, Hernaniko Udaletxean: Geohistoria de la Tenencia navarra de San Sebastian de Hernani.
Gizarteak zekiena idatziz jarri zen garai hartan
Orellaren iritziz, XII mendean idatzi zen dokumentu hori, eta 1014ko data jarri zitzaion. Leireko monastegian azaldu zen idatzia, eta bertan aipatzen da, Hernaniko tenentzian dagoen San Sebastian ermita Leireko monastegiari ematen zaiola, donazio moduan.
Hernani aipatzen den lehendabiziko idatzia da hori, eta urte askoan pentsatu izan da benetakoa dela. Faltsifikazio bat zela demostratu zenetik, ordea, zenbaitentzat balio guztia galtzen du idatziak, eta horren kontra dago Orella. Kontuan izan behar da, faltsifikazioa bera ere XII mendean egin bazen, oso zaharra dela, eta lehenagoko zerbaiti buruz ari direla faltsifikazioa egin dutenak. Beraz, hainbat urte lehenagoko lekua, eta gertaerak ahalik eta zehatzen deskribitzen saiatu ziren faltsifikatzaileak.
Hernani Errotzeneko kideek ere hala diote: «Baina dokumentua, faltsifikatua izan arren, garai hartakoa da eta deskribapen zehatza eskaintzen du (monasterioaren deskribapena, toponimia, garaiko elementuak eta abar) XI-XII. mendean egiazko dokumentu gisa hartua izateko».
Orellak ere bide beretik hitz egiten du: «Badakigu, Pedro Iaren garaian, XI mende hasieran, bazela ohitura bat Sancho erregearen garaitik zetorrena. Horren arabera gizarteak bazekien errege batek Hernaniko San Sebastian monastegia, Antiguon zegoena, Leireko monastegiari eman zitzaiola. Beraz, Pedro Iaren garaian hori faltsifikatzeak soilik egiaztatu egiten du, forma kultuan jarri eta idatziz, garai hartako jendeak eta gizarteak onartua zeukan gauza bat».
Hernanik 1000 urte, eta gehiago
Orellaren hitzaldiarekin, Hernani Errotzenen asmoa da, 1014ko data daukan dokumentuari lehenengo mailako iturri historikoaren lekua ematea. Faltsifikatutako dokumentu bat izateak ez du esan nahi deskribatzen diren gauzak gezurrezkoak direnik, eta hare gehiago, garai hartako deskribapen ahalik eta zehatzena egiten saiatuko ziren faltsifikatzaileak, hori egiazkotzat jo zezaten denek. Leireko monjeek faltsifikatuko zuten idatzi hori, eta asmoa zen, San Sebastian monastegia beraiena zela demostratzea, hamarrena kobratzen jarraitu ahal izateko.
Hori bakarrik ez, Orellak dioenez, gauzak ez dira sortzen idazten direnean, baizik eta askoz lehenago. Horren arabera, ulertu liteke, 1014 urtea baino lehenagotik bazegoela leku bat Hernani izenekoa.