Portu auzoko bertsolariak, Matea Joxepa Zubeldia Ibarluzeko bertsolaria, Agustin Iturriaga apaiz eta irakasle aurrerakoia, Txirritari Madrilgo La Estampa aldizkarian egindako elkarrizketa... Harribitxiz josia dago Hernaniko bertso eskolak argitaratu duen bertso liburua, Estitxu Eizagirre Kerejetak idatzia, eta joan den igandean aurkeztu zutena.
Ez zen jenderik falta aurkezpenean. Eizagirrek berak adierazi zuenez, liburu honekin bukatu da Hernaniko bertsolaritzari buruz egin den ikerketa eta zabalkunde lana, Hernaniko bertso eskolak egin, eta Hernaniko Udalak eta Diputazioak diruz lagundu dutena.
Agustin Iturriaga, bertsolaria, eta euskeraz erakutsi zuen irakaslea
Lau gerra pasa zituen Agustin Pascual Ugalde Iturriagak, Agustin Iturriagak, hain zuzen. Hernanin ezagutzen dugun bertsolaririk zaharrenetakoa dugu, 1778an jaioa, Txabolategiren garaikoa. Apaiza eta irakaslea, aurrerakoia, bere eskola izan zuen Hernanin, eta eskola berritzailea hainbat alorretan. Ikasleek beren ama hizkuntzak ikasi behar zutela defendatu zuen, eta euskerazko ikasmateriala egin zuen. Gipuzkoa osorako ikasmateriala egiteko ere eskatu zioten. Eskola itxiarazi egin zioten geroago.
Besteak beste, Esoporen fabulak euskerara pasa zituen, eta beste hainbat bertso ere baditu: Euskal-erriko gazteriari, San Inazio martxa eta hilerriko esaldia, eta abar.
‘Un poeta de 150 kilos’ izenburua dauka Txirritari Madrilen egindako elkarrizketak.
Iturriagaren bertsoak Antonio Zavalak ekarri zituen, bere garaian, eta bere bizitzari buruz Zalbidek idatzi zuen. Eizagirrek biekin bat egin du.
Txirritaren elkarrizketa Madrilen: «Bertsoak kantatuta luzitzen du»
Artxiboetan arakatzeak ekarri dezake oraindik, ezagutzen ez dugun daturik. Hara, Txirritari ezagutzen zaion elkarrizketa bakarra larrabetzutik.org webguneak berreskuratu zuen. Madrileko La Estampa aldizkariak elkarrizketa egin zion 1936an, bera hil baino bi hilabete lehenago. Hala dio Eizagirrek liburuan: «Campeones vascos izeneko serieko hirugarrena zen. Beste euskaldunak: Keixeta aizkolaria, Kortajarena harri jasotzailea, eta Patxi Bollos, Antiguoko Istingorra elkartekoa, 236 kroketa jan ostean afaldu egin omen zuena».
Txirritari jarri zioten titularra: Un poeta de 150 kilos. Poetei buruz hitz egiten du Txirritak, eta hala dio: «Ez zait iruditzen bertsolari onak izango direnik poeta horiek. Bertsoak kantatuta luzitzen du». Zenbat kantatzen zuten ere argi uzten du Txirritak: «Errenteriako papeleran ere ez dago nik nire denboran kantatutako bertsoak idazteko paperik».
Pello Errota eta biek elkarri barkatu nahi ezta egindako bertso gaupasa ere kontatzen du eta agurrean nola esan zion Pellok «dagoeneko izarrak ere lotara joanak zirela».
Bertso giroa tabernetan: Azurmendin, Egañarenean, Zinkoenean...
Hernanik hainbesteko harrobia eman izana ez da kasualitatea, ikusirik, garai batean zertaraino zen bertsozalea. Liburu osoa da horren erakusle. Portu auzoan bertan sekulako bertso giroa zen: Graxiano Zubeldia, eta abar... horri dedikatutako atal berezia dakarki liburuak.
Eta tabernetan... zer esanik ez. Lehen bertsotan tabernan egiten zen, baina batzuk baziren bereziak. Gerora ere, giro hori ez zen erabat galdu, bertsolari erdal giroa nagusitu zenean ere. Hala dio Antton Garinek liburuan: «Jendeak kalean erdara egiten zuen, baina bertsoak entzuten geratzen zen. Egañarenean, Azurmendin, Irizarren, Amerikanuan... bazegoen giroa». Eta Zinkoenea, Txintxua eta abar eransten dira aurrerago.
Izen zahar-berrituak
Liburu hau bertsolari hain ezagunak ez direnei ere zuzendu zaie. Bere garaian ezagunak ziren bertsolariak, baina aspaldi entzun ez direnak, edo hernanirekin lotu ez direnak: Kuxkullu, Saiburutarrak, Juan Joxe Andola, Joxe Blanco, Zubiarraindarrak, Setiendarrak, Joxe Manuel Ugalde, Juan Marko, Lexoti, Salaberria, Arozamena, Huizi, Pedro Joxe Mujika Anatx...
Desafio zaharretatik, azken txapelketaraino
200 urteko bertso historia kontatzen du liburuak, Txabolategirekin hasi eta gaur eguneraino, Eli Pagolaraino. Eta nolabait, horrek adierazten du bertsoaren hariak etenik ez duela izan Hernanin. Kasualitaterik ez omen da izaten, eta hain zuzen familia berekoak dira liburuko bertsolari zaharrena eta gazteena: Txabolategi, bertsotan izan den desafiorik entzutetsueneko protagonista, eta Eli Pagola Tabernetako txapelketako azken txapelduna.
Tabernetako bertsolariak, Oxan, Exteban, Barrenetxea, Agirre, Xapo... Eta plazaz plaza dabiltzanak: Lujanbio, Mendiluze, Irazu, Agirre, Zelaia, Laburu, Gaztelumendi... Txapelketa Nagusiko bertsoaldiekin bukatzen da liburua.