Aranoko parajeak ezagutzeko, markatutako hainbat ibilbide daude eta honako hau, proposamen bat da. Historiaurrearekin bat egiteko aukera ematen du, monumentu megalitikoak ikusiz. www.urumeaarnastu.com helbidean daude, ibilbide guztiak.
Herritik, Burninera
Aranoko aparkalekutik hasten da ibilaldia. Aparkalekutik ateratzerakoan, mendi aldera hartu behar dugu asfaltatutako bideari segika. Berehala, asfaltoa bukatu eta pista arrunt bihurtuko zaigu Oraunera garamatzan bidea, eta han, ezkerrera eginen dugu pista nagusia utziz. Berehala, eskuinera eginen dugu eta pago gazte eta zahar arteko gurdibide eder bati segiko diogu, Burningo bordara iritsi arte.
Urgaratako lepoa, Goizuetan
Borda ezkerretara utziz, bidean aurrera eginen dugu eta Aranok Goizuetarekin muga egiten duen lekura iritsiko gara. Pasabide kanadiarra pasa eta eskuinera hartuko dugu. Berehala Urgaratako lepora iritsiko gara. Goizuetako lur hauetan, lauzpabost mairu-baratz edo harrespil ikusi ahal izanen ditugu.
Añoeneko trikuharria
Xenda jarraituko dugu norabiderik aldatu gabe. Berehala gara Añoeneko trikuharri eta bordetan (Goizueta). Batzuk erorita egon arren, ikusi beharreko lekua da. Han, Errekalkora (Errekaleku) doan pista hartuko dugu eskuinera eginda, eta 1,5 km inguru eginen ditugu ezkerretara Mandoegiko tontorra eta zokoko baso dotoreei begira.
Errekalko, Arano eta Goizueta artean
Errekalkoko zabalera iristerakoan, mairubaratz mordoa aurkituko dugu eta bi herrien mugatik jarraituko dugu; Arano aldeko norantzan beti ere. Hortik aurrera ere, ez zaigu mairubaratzik edo aintzinako arbasoen aztarnarik faltako, Lekendiko gainetik, Txarai burura bitartean (denak seinalizatuta daude).
Juan Donosti ermitara
Itxitura pare batekin topo eginen dugu, aziendetatik pago landare gazteak salbatzeko eginak, baina pasoak eginda daudenez, gainetik pasa eta etorkizuneko pagadiak zeharkatuko ditugu, mairubaratzen artean. Hegiz hegi eta goitik beherantz, Oraunera jaitsiko gara, hasieran pasa dugun bide gurutzera. Han berriz ere, pistari kasorik egin gabe, mendian zehar eginen dugu. Aranoren gain-gainean gelditzen den Juan Donosti ermitara iritsiko gara.
Herrira buelta
Handik itsaso, mendi, nahiz Añarbeko urtegiaren bistak izanen ditugu. Daramagun norabideari jarraituko diogu. Herria hankapean dugula, behera eginen dugu Goiko sotoko bordara. Han eskuinera hartu eta hormigoizko pistari segiko diogu. Abiatutako lekura iritsiko gara.
Historiaurrea, hegiz hegi
• Maila: Erraza.
• Desnibela: 150 m.
• Iraupena: 2 h 30 min.