Ixabel Labaka, Ipintza baserrian jaioa da, 1929ko urtarrilaren 28an. Gurasoek erosi zuten baserria: «Aitak eta koinatuak erdibana erosi zuten. Bi familia ginen. Eta lurrak ere erdibana genituen», azaldu du Ixabelek. Astigarragako beste hainbat baserrik bezala, erriberetako lurrak zituzten eta baratza egiten zuten bertan. «Erriberetan 1.000 metro genituen guk eta osabak-eta beste 1.000 metro. Herriko askok zituzten han baratzak. Markesarenak ziren lur gehienak eta askok bere lurrak ibiltzen zituzten errentaren truke. Lur horiek oso emankorrak ziren».
Erriberetako lurrak ziren, Ergobitik hasi, Juangiteneatik, eta errekaraino, gaur egun Biurrarena dagoen lekuraino. Bidebitarte poligono osoa, baratzaz betea zegoela azaldu du Ixabelek: «Lehen hor zeuden baratzak eta bi baserri: Desierto eta Bidebitarte. Bidebitarte, gaur egun Txingurri dagoen lekuan zegoen».
Neskak izanda, zailagoa
Ixabelen aita gazterik hil zen: «Hiru urte nituenean alargundu zen ama. Aita hil zen, txikiena jaiotzeko zegoela», dio. Sei anai-arreben artean, laugarrena zen Ixabel. Bi mutil eta lau neska ziren, eta etxean ia denak neskak izanda, diru pixka bat ateratzeko oso zaila zutela gogoratzen du. Beraien amak baratzan eta baserrian lan asko egin behar izan zuela azaldu du Ixabelek, familia aurrera ateratzeko.
Donostiara saltzera
Berdura saltzera, Donostiara joaten ziren. «Tranbian joaten ginen Donostiara, xextera berduraz betea buru gainean jarrita. Egunero, goizeko 06:30ak aldera abiatzen ginen. Eta buelta, ahal zen azkarren! Azkar saltzen bazen, lehenago bueltatzen ginen». Hasieran, Konstituzio plazan saltzen omen zituzten: «Konstituzio plazan saltzen genuen hasieran, amak hara joateko esaten baitzidan. Baina han gutxi saltzen zen, eta halako batean nazkatu, eta Bretxan hasi nintzen», dio.
Berdurak erosten zizkietenak, etxeko andreak, rekarderak eta turistak izaten zirela azaldu du. Rekarderek baserritarrei erosten zizkieten barazkiak eta ondoren, beraiek garestiago saltzen zuten. Rebentan ibiltzen ziren. Turistak, berriz, Madrilekoak izaten zirela dio: «Uda partean izaten zen hori. Urteroko kliente batzuk ere izaten nituen, Zaragozakoak. Baina horia erosten zuten». Arrantzaleekin trukea ere egiten omen zuten.
Gobara ere bai
Barazkiez gain, esne pixka bat ere saltzen zuten, eta etxez etxe ibiltzen ziren. «Etxeetara eramaten genien, hartzaileei. Eta handik, beraien arropa zikinak hartzen genituen gobara egiteko. Goiko itturrin egiten genuen gobara. Monjen arropak ere garbitzen genituen. Puxamanta eta guzti! Oraindik gogoratzen naiz ze parrak egiten zituzten neska gazteek puxamantekin», dio parrez. Garai hartan konpresa bezala erabiltzen ziren puxamantak. Ixabelek oso oroitzapen onak ditu gobara egiten zuten garaikoa.
“Hiru urte nituela alargundu zen ama eta lan asko egin behar izan zuen familia aurrera ateratzeko”
Bretxan saltzen aritzen zirenen artean ere harreman haundia egin zuten: «2-3 bazkari egiten genituen urtean. Oso giro polita izaten genuen. Gure bizimodua horrelaxe zen orduan», dio.
Ixabel 1956an ezkondu zen Manuel Labururekin eta hiru seme-alaba izan zituzten. Ipintza baserrian geratu ziren, Ixabelen anai-arrebek ez baitzuten bertan geratu nahi izan. Ixabelek orain dela 25 bat urtera arte jarraitu du baratzan lanean. Gaur egun, ez dute baratzarako lurrik.
Asko aldatu
Erriberetako aurreneko lurrak saltzen, beraienak izango zirela dio Ixabelek: «Lurrak salerosten ibiltzen zen bati saldu genion. 48 bat urte izango dira. Gerora, Transportes Tresa jarri zuten han». Lur emankor haiek saldu ostean, penarik izan zuten galdetuta, halaxe dio: «Orduan dirurik ez genuen, oso pobre bizi ginen, eta baratzarako beste lur batzuk ere bagenituenez, ez genion buelta askorik eman». Gaur egungo poligonoa egingo zenik ez zutela espero dio: «Lurrak ez ziren kolpera erosi, poligonoa egiteko. Pixkanaka joan dira lurrak erosten eta enpresa eta tailerrak irekitzen. Modu txapuzeroan egin da». Ergobian, Muebles Xey ireki zuten garai beretsuan. Ergobiako poligonoa ere ordutik aurrera sortu zen.
Urte hauetan Astigarraga asko aldatu da Ixabelen arabera. Besteak beste, halaxe dio: «Lehen denak ezagutzen ginen; kaso egiten ginen kalean, baina orain denak kotxean ibiltzen dira».