156 ikasle daude Hernanin batxilergo ikasketak egiteko matrikulatzeko prest

Kronika - Erredakzioa 2014ko mai. 3a, 02:00

Ireki da matrikulazio-epea datorren urtean batxilergo edo Lanbide Heziketako ikasketak Her­nanin egin nahi dituzte­nen­tzako. Hain zuzen, Her­nanin ikasten ari diren adin horretako ikasleak 156 dira: 130 ikasle ari dira Hernani BHI Insti­t­u­tuan DBH 4. maila egiten, eta beste 26 ari dira Inmakulada ikastetxean. Hala ere, EUSTAT­e­ko datuen arabera, 1998an 189 jaiotza erroldatu ziren Her­nanin. Beraz, datorren urtean batxilergoa edo Lanbide Hezi­ketako zikloren bat ikasteko adinean dauden ikasleak gehixeago dira.
Ikasleek dituzten aukeren inguruko hainbat datu eman dizkigute Amaia Urzelai Insti­tutuko zuzendariak, Mikel La­rrañaga Lanbide Heziketako arduradunak eta Javier Eze­na­rro orientatzaileak.

2 batxilergo eta 7 ziklo
Hernani BHI Institutuan bi ba­txi­lergo egiteko aukera dago: Giza eta Gizarte Zientziak, batetik, eta Zientzia eta teknologia, bestetik. Batxilergo artistikoa egiteko, berriz, Do­nos­tiara edo inguruko beste he­rri batzuetara joan behar da, Her­nanin ez baitago aukera hori.
Gaur egun, 203 ikasle daude batxilergoko bi mailatan. Bina lerro, mota bakoitzean. Lerro bakoitzean 30 ikasle onartzen ditu orain Eusko Jaurlaritzak, baina beharren arabera lerro gehiago sortu daitezke.
 Institutuko arduradunek diote bi batxilergo motetan an­tzekoa dela ikasle kopurua. «Baina unibertsitateko ikasketak aukeratzeko orduan, bedirudi ingeniaritzek badutela horrelako arrakasta bat. Osa­sun zientzietan ere beti izaten da baten bat, erizaintzan, me­dikuntzan, fisioterapian... Eta letrak egiten dituzten gehienek irakaskuntzara jotzen dute».
Lanbide Heziketako zikloei dagokienez, animazioa, mekanika, elektrizitate eta osasungintzako alorretako 7 ziklo egin daitezke Her­nanin: Erdi Mai­la­ko hiru eta Goi Mailako beste hiru Her­na­ni BHIn, eta Erdi Mailako beste bat Inmakulada ikastetxean. Horrez gain, Her­nani BHIk aukera ematen du Ha­si­e­rako Lanbide Presta­kun­tzako bi ikastaro egiteko gra­du­aturik ez dutenentzat, eta sarbide probak prestatzeko beste ikastaro bat Erdi Mailako ziklo batetik Goi Mailakora pasa nahi dutenentzat.

«Aukerak haunditu egin dira, eta erabakia hartzea gero eta zailagoa egiten zaie ikasleei».

«Orain ez dugu ikasle galerarik nabaritzen kurtsoz kurtso, eta beheko mailetan ikasle kopurua geroz eta haundiagoa da».

Batxilergoa, gehienen aukera
Ikasleen esku dago datorren ur­tean batxilergoa ala Lan­bide Hezike­t­ako zikloren bat au­ke­ratu. Institutuko arduradunen esanetan «gehiago dira batxi­lergoa aukeratzen duten ikasleak; %70 edo 80 inguru».
Ez da sekula erraza izan aukera egitea. «Beti esan dena esaten diegu: gustokoa dena aukera dezatela. Aukera haunditu egin da, eta erabakia har­tzea gero eta zailagoa egiten zaie ikasleei. Hala ere, geihagok aukeratzen dute batxilergoa», dio Ezenarrok. Larraña­ga­ren esanetan, «orain urte batzuk hasi zen Eusko Jaur­laritza esanez Lan­bide Hezike­ta ikasteko, urte gutxira langile tekniko asko beharko zirelako. Baina krisia etorri da eta ez da ezer ikusten. Hala ere, oraindik animatzen jarraitzen dute. Auskalo. Lan berriak ere sortuko direla esaten da». «Orain formakuntza bizi osorako izaten da» dio Urzelaik, «moldatu eta egokitzen jarrai­tzeko gaitasunak ematea da gure lana».

«Institutuko eraikin berriaren obrak atzeratu egin dira urtebetez, eta lortu nahi dugu gehiago ez atzeratzea».

Gero eta ikasle gehiago
Hernanin dagoen ikasle kopurua gora dijoala ere aipatzen dute arduradunek.
«Orain batxilergoko 2.mailan 101 ikasle daude, eta 1.mailan, 102. DBH 4.mailan, berriz, 130, eta 3.mailan 134. Baina DBH 1.mailan, adibidez, aurten 7 lerro ditugu, eta datorren urterako 150 matrikula eginda daude dagoeneko. Bestalde, Hernanitik kanpora ikastera joaten direnak ez dakigu zenbat diren, baina orain kurtsoz kurtso ez dugu ikasle galerarik nabaritzen, eta, esan bezalaka, beheko mailetan ikasle kopurua geroz eta haundiagoa da».
Ez dirudi ez, asko direnik Her­nanitik kanpora joaten di­ren ikasleak. Izan ere, 189 dira datorren urtean batxilerra edo Lanbide Heziketa ikasteko adi­ne­an dauden hernaniar erroldatuak, eta horietatik 156k Her­nanin ikasten dute dagoeneko.

Eraikin berria lehenbailehen lortzeko ahaleginean
Gero eta ikasle gehiago, or­du­an eta espazio gehiago behar, eta Institutuko eraikin berrirako obrak atzeratuta dijoaz. «Erai­kin berriaren obrak atzeratu egin dira urtebetez, eta lortu nahi dugu gehiago ez atzera­tzea. Badirudi egingo dela bai­na... Espero genuen 2013 bu­ka­eran obren esleipena lehiaketara atera­tzea, eta 2014 bu­kaeran eraiki­tzen hastea. DBH 3.mailakoentzat 6 gela aterako lirateke. Bitartean, espazioa planifika­tzen ari gara».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!