Hilabete batzuk pasa dira Astigarragako Mundarro Txirrindulari Taldea sortu zela eta hainbat ekintza ere antolatu dituzte. Orain, proiektu berri batekin datoz: Txirrindagan. Maiatzaren 31n eta ekainaren 1ean izango da, hau da, asteburu osoko festa, bizikletaren inguruan. Joseba Barandiaran plaza izango da gunea. Antolatu dituzten ekintzak, honakoak: umeentzat bizikleta irteera, Gold sprint lehiaketa fixied bizikletekin, ziklo maratoia, mendi bizikleta martxa eta sagardotegi herrikoia. Aste horretan bertan, hitzaldi edo mahaingururen bat ere egingo dute, baina ez dute zehaztu oraindik.
Haur guztientzako ibilbidea
Festa, umeentzako bizikleta irteerarekin hasiko da. Herrian zehar emango dute buelta. Hala azaldu dute antolatzaileek: «Haurrak ere Txirrindagan ekimenaren parte izatea nahi dugu. Izan ere, Astigarragan txirrindularitzak izan duen, eta duen, tradizioak jarraitzea nahi badugu, ezinbestekoa da geroaren ardatz izango direnengan zaletasuna sustraitzea». Edozein adineko haurrek hartu dezaketela parte azpimarratu dute. Bukatzean, ogitartekoak, edariak, zozketak eta sariak egongo dira.
Parte hatzeko, ez da izena eman behar aurrez, orduan azaltzea nahikoa da.
Mendi bizikleta martxarako izen ematea zabalik dago www.kirolprobak.com helbidean.
Fixied criteriuma zabalduz
Asteburu horretan, txirrindularitzak duen beste eremu bat ere plazaratu nahi dute antolatzaileek: Fixied criteriuma. Hori horrela, horretan adituak eta arituak diren zenbait lagunek erakustaldia egingo dute, criterium baten bidez. «Herri barruan izanik, ezagutzera emateko aukera paregabea dela iruditzen zaigu, eta bide batez, Txirrindagan ekimenari kolore desberdina emango dio», azaldu dute.
Ziklo Indoor maratoia, gauean
Larunbat gauean, gaur egun hain modan dagoen Ziklo Indoor maratoia egingo da. Joseba Barandiaran plazan izango da, orokorrean, Txirrindagan proiektuaren gunea izango denan. Maratoi honetan, 50 bizikleta jarriko dira eta orduka funtzionatuko du. Hiru orduko maratoia izango da. Izena, Kiroldegian eman behar da.
Mendi bizikleta martxa, Txoritokieta eta Santiomendin
Igande goizean, mendi bizikleten txanda izango da. 30 km inguruko ibilbidea izango da eta herria inguratzen duten Txoritokieta eta Santiomendi mendietan barrena egingo da. 1.000 metroko desnibela izango du. Martxa ez-lehiakorra da eta ez du sailkapenik izango. Edatekoa eta jatekoa egongo da 14garren km-an eta baita helmugan ere. Bukaeran, partaide bakoitzari opari bat emango zaio eta zozketak ere izango dira.
Izen ematea zabalik dago www.kirolprobak.com helbidean, 8 eta 10 euroan. Egunean ere izango da aukera.
Bazkaria, sagardotegian
Ekimenari azken puntua jarriko dio igandeko bazkariak. Sagardotegian izango da eta nahi duenak izango du joateko aukera. Txartelak salgai daude ohiko tabernetan.
Ekimenari begira diote, «ausarta eta osoa» dela. «Beti ere, gure antolatzeko gaitasunaren neurrikoa. Herrian oihartzun haundia izango duelakoan gaude, eta aurrera begira taldeak lortu dezakeen erreferentzialtasunaz gain, datozen urteetarako trebatzeko ere balioko digu».
TXIRRINDAGAN 2014
Maiatzak 31, larunbata
16:00, Umeekin bizikleta irteera.
18:30, Gold sprint lehiaketa,
Fixied criteriuma.
21:00, Ziklo Indoor maratoia.
Izen ematea, Kiroldegian.
Ekainak 1, igandea
09:00, Mendi bizikleta martxa.
Izen ematea, www.kirolprobak.com.
14:30, Sagardotegi herrikoia. Txartelak, ohiko tabernetan.