Guztira 23 talde, iaz baino bat gehiago, eta inoiz baino parekotasun haundiagoa izango dira aurtengo herriartekoan. Hernani final zortzirenetan sartuko da, eta Elgoibar edo Ataun izango du aurrean, bi horiek elkarrekin neurtuko baitira maiatzaren 11ko asteburuan. Elgoibarren kontra irabaztekoak ditu Hernanik; Ataunen kontra ez jakin, ezezaguna baitute taldea. Aurten baino talde hobea izan du Hernanik, baina ilusioz dira, pauso batzuk emateko aukerak bai baitituzte, egutegia ere alde izaki.
Txapelketa datorren astean hasiko da, maiatzaren 9an, baina hernaniarrak maiatzaren 25eko asteburuan sartuko dira, eta bueltakoa ekainaren 1eko asteburuan dute, Hernanin. Aurrera egiten duten taldeek final eguna zehaztua dute: uztailak 6.
Talde bat nabarmentzen ez
Ez dago faboritorik. Aurten 23 herri ariko dira, eta ez da talde bat nabarmentzen. Iazko txapelduna, Oiartzun, ilusioz aterako da Zumarraga eta Zaldibiaren arteko irabazlearen kontra. Berrobik berriz, talderik ez du aurten. Bai ordea, Asteasuk eta Andoainek. Ikusteko dago, zein nabarmenduko den aurten, horien artetik. Klasikorik ez da faltako: Azkoitia hor izango da 16 txapela dituena, eta Hernani ere bai, klasikotzat hartzen hasi beharko dena,
5 txapela bai baititu. Donostiak ere 5 ditu, eta hor izango da hura ere.
Lehendabiziko fasean ariko dira, elkarren kontra: Bergara-Errenteria, Lezo-Asteasu, Ataun-Elgoibar, Zumarraga-Zaldibia, Andoain-Donostia, Alegia-Amezketa eta Zestoa-Lasarte-Oria. Final zortzirenetan zai: Azkoitia, Zizurkil, Hernani, Oiartzun, Arrasate, Astigarraga, Bidania-Goiatz, Tolosa eta Beasain.
Soilik jubeniletako bikotea dago erabakia: Cisneros eta Rodriguez
Pelota taldeko arduradunek ez daukate argi zeinek jokatuko duten aurten herri artekoan. Kadeteetan sei pelotarik behintzat badaukate jokatzeko aukera, pare parean ibiltzen baitira. Seniorretan lau aukera, behintzat, badira: Arrieta, Ojuel, Aizpitarte, Gorrotxategi... Jubeniletan berriz, dudarik ez dago batere: Cisneros eta Rodriguez.
Udaberri Torneoa bete betean, gaur eta bihar Hernanin
Hernanik herriartekoa hasteko, ia hilabete falta da oraindik, baina bitarte horretan ez da pelota desagertuko, inola ere. Gaur eta bihar Udaberri Torneoko partiduak jokatuko dituzte hernaniarrek, Hernanin. Gaur lau partidu, 16:00etatik aurrera: infantiletan, Larburu eta Leiza ariko dira, Oiartzungo taldearen kontra. Ondoren, lauterdiko hiru partidu, banaka: Berasarte, San Sebastian eta Cisneros protagonista.
Bihar ere beste lau partidu jokatuko dira, 10:00etatik aurrera: alebin eta infantiletan binaka, Lasa-Tejedor eta Salaberria-Arizmendi, Zumaia eta Oiarperen kontra. Ondoren, banaka ariko dira, lauterdian, eta biak Zumaiaren kontra, Altuna eta Etxegoien.