Festarako eta aldarrikapenerako eguna izan zen Maiatzaren 1a. LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuek manifestazioak deitu zituzten atzo Euskal Herriko txoko askotan. Bilbon elkartu ziren ELAko jarraitzaileak batetik eta CCOO eta UGTkoak bestetik. LABek berriz, eskualdeka deitu zuen manifestazioa, eta Hernanin elkartu ziren Buruntzaldeako herritarrak.
Langileok erabaki, Euskal Herriak erabaki dezan lema zuen pankartaren atzetik egin zuten buelta, herrian barrena. Dultzain hotsak lagun izan zituzten bidean zehar, eta lemaz aparte, Hemen lan egin, hemen erabaki eta beste hainbat aldarrikapen oihukatu zituzten. Jendetza bildu zen atzoko manifestazioan.
«Borrokan segi behar da»
Ernai, LAB eta Sortuko kideek hitz egin zuten manifestazio bukaeran, Tilosetan egin zen ekitaldian. Langileek zapalkuntza urteetan sufritu dutela azaldu zuten atzo, eta borrokan segi beste biderik ez dagoela: «urteetan zapaldu gaituzte, eta zapalkuntza hori bizkarrean hartu eta iraultzeko garaia iritsi da; denon artean egin behar dugu, txingurriak gara, txingurri langileak, borrokalariak». Kalera «nahikoa da» esatera atera zirela aldarrikatu zuten: «ito egiten gaitu krisi honek, eta kalera atera gara, Euskal Herriaren etorkizuna hankaz gora jartzen ari den kapitalismo sistemari ezetz esatera». Bidea burujabetza propioa dela esanaz bukatu zuten, eta atzo bezala, egunero borrokatzen segi beharra dagoela gogoratu zuten».