Erronka: erabakitze eskubidearen alde ahalik eta hernaniar gehien elkartzea

Kronika - Erredakzioa 2014ko mai. 2a, 02:00

Udaberri Festa antolatu du igandean Hernaniko Gure Esku Dago taldeak. Ave Maria parkean da festa,
goizeko 11:00etan hasita. Ekitaldi nagusia, 12:30etatik aurrera da: giza katea, argazkia...

Ahalik eta herritar gehien elkartzea da hernaniko Gure esku dago taldearen nahia. Udaberri Festa antolatu dute igandean, erabakitze eskubidearen alde.  Ave Maria izango da eszenatokia, bi orduz.

11:00etatik aurrera hasiko da mugimendua parkean zehar jarriko dituzten guneetan: artea, musika, dantza, umeak eta abentura izango dira sei gune horietako ardatza. Gune nagusi bat ere izango da, eta bertan izango da herriko elkarteen arteko herri kirol erronka; 11:30 etatik 12:30etara. Horiez gain, Txosna eta oholtza nagusi bat ere jarriko dituzte.

Ekitaldi nagusia, eguerdian
Udaberri Festako ekitaldi nagusia ordu erdi ingurukoa izango da. 12:30etan giza katea egingo dute, ekainaren 8koa entsaiatze aldera. Ondoren, taldeko argazkia aterako dute. Eskuetan abestiarekin flash moba grabatzeko asmoa ere badute; eta zozketak ere, izango dira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!