Karabeletik Porturako bidea bidegorrian egin liteke, dagoeneko. Diputazioak egin du obra, eta kostua 265.000 euro ingurukoa izan da. Azken zati honi esker, Donostiatik Urnietarako bidea bidegorrian barrena egin liteke ia osorik; izan ere, Astigarraga eta Hernani arteko azken loturak bakarrik falta dira.
Bizikletaz edo oinez
Karabel eta Portu lotzen dituen bidegorriak 400 metro pasatsu ditu; eta 5 metro zabal. Bi metroko zabalera txirrindularientzat da, eta beste bi metro oinezkoentzat. Zuhaitzak eta argiteria ere jarri dituzte. Diputazioak ondo bereizi nahi izan du Portu auzora iristen dagoen tartea, etxeen eta errekaren artean pasatzen dena: 10cm igo du galtzada, eta abiadura gutxitzeko elementuak jarri ditu. Zona bateratua izango da hau, hortaz, ibilgailuak, oinezkoak eta kotxeak leku beretik ibiliko dira.
Bidegorriaren bestelako hainbat ezaugarri
Argiteriari dagokionean, led motatako argiak jarri dituzte, 30 metro inguruko tartearekin. Erorketak saihesteko neurriak ere hartu dituzte; bidea erreka bazterretik pasatzen den lekuetan egurrezko hesiak jarri dituzte. Zuhaitzak ere erein dituzte, Haltzak eta Astigarragak zehazki.
Edateko uraren sarea berritu da obra aprobetxatuta
Diputazioak eta Udalak hitzarmena sinatu zuten, bidegorriaren obrak aprobetxatu eta beste batzuk egiteko. Hala, Karabel eta Portu arteko edateko uraren sarea berritu da, Udalak finantziatuta. Obra honetan Udalak 47.600 euro inbertitu ditu.