HERNANIKO bertsozaleak gustora egoteko moduan dira, atzotik bai baitaukate beste denbora pasa bat:
750 orrialdeko bertso liburua, Hernaniko bertsolaritzaren haria nondik nora joan den esplikatzen duena, azken 250 urteotan. Estitxu Eizagirre Kerejetak idatzi du liburua, Bertsoaren Haria Hernanin izenburua daukana, eta atzo aurkeztu zuen Biteriko Areto Nagusian, 90 lagun ingururen aurrean. Hernaniko bertso eskolak argitaratu du liburua, Hernaniko Udalaren laguntzarekin. Udalaren izenean, Luis Intxauspek adierazi zuen bertsolaritzak Hernanin duen indarra eta garrantzia, eta Udala beti laguntzeko prest izango dela, bide horretan. Horrela bada, Hernani Bertsotan proiektuari bukaera eman zaio. Proiektuak biltzen ditu: 35 elkarrizketekin egindako DVDa, ikastetxeetarako unitate didaktikoa, web orrialdea eta liburua. Liburua salgai dago, 25 euroan, Dobera euskara elkartean, Elkar eta Leokadisti liburudendetan, eta Argia.com helbidean.