Ereñotzuko Ozenki abesbatzak 20 urte bete ditu, eta ospakizunak egingo ditu aste honetan, kantuak leku berezia izango duen astean, hain zuzen. Izan ere, bi kontzertu izango dira aste bakarrean Hernanin. Goiz Eguzki abesbatzak kontzertua dauka asteazkenean, Oñatiko Aloña abesbatzarekin batera, eta Ozenkik larunbatean egingo du, Getariako banda lagun duela.
14 kantu, Goiz Eguzkin
Goiz Eguzki abesbatzak eta Oñatiko Aloña abesbatzak 14 kantuko kontzertua emango dute, asteazkenean, 19:30etan, Goiz Eguzkin bertan. Txefe Ormazabal bakarlariak lagunduko die hernaniarrei, eta Javier Zubimendik egingo ditu zuzendari lanak. Oñatiko koruak Miguel Mari Guridi soinujolea gonbidatuko du, eta Loli Ordoki dute zuzendari.
Ozenki, historia egiten, Ereñotzutik abiatuta
20 urte, 20 urte dira. Historia txiki bat egin du jadanik Ozenki abesbatzak, eta hori ospatzeko, larunbatean kontzertua emango du, Getariako korua lagun duela, Milagrosan. 9 kantu abestuko dituzte, 19:30etatik aurrera.
Getariako bandak ekingo dio kontzertuari, bakarrik. Ozenki abesbatzak ere bakarrik kantatuko ditu hurrengo lau kantak, eta azkeneko lauak elkarrekin. Zuzendari lanak Aitor Uria, Imanol Kamio eta Arkaitz Larrañagak egingo dituzte.