Anfibio eta narrastiak - 6. fitxa - Zamenis longissimus
«Subia ikusi nin harri atzean sartzen. Pasa eta pasa eta pasa eta pasa... eta suberik bukatzen ez!». Sube beltza edo sube nabarra deitzen diote hernaniarrek, eta bera da gure subeetan luzeena, 1,3 metro ingurukoa, batzuk 1,5 metrotik pasatzen badira ere. Hortik bere izen zientifikoa, edo abizena: longissimus.
Subea lotu izan dute hainbat kulturek jakintzarekin, eta zuhurtasunarekin, eta sube beltza du medikuntzak ere bere ikur nagusietan. Chucla-Cuevas farmazian, eta beste askotan ikusi liteke oraindik, farmazietako irudi klasikoetan, sube beltza.
Mediku greziar batek emandako izena
Sube beltzari euskera batuan Eskulapioren sugea esaten zaio. Asclepio mediku greziarrak (erromatarrez Esculapio) makilarekin hil omen zuen sube beltza. Beste sube bat etorri, ahoan belarrak hartuta, eta bere lagunari eman... eta hura berpiztu. Medikuak, txundituta, belar haiek bere bezeroak sendatzeko erabili omen zituen. Hori dio kondairak, eta geroztik medikuntzak gurtu duen animaliatako bat da sube beltza.
Mendian eta basoan...
Arratoi, xagu eta satitxuak jaten dituzte, heldu eta gorputzarekin estu-estu itota. Izuak dira, eta azkarrak. Arbolara igotzeko erraztasuna dute, han bilatutako txori-kabiak ere miatuko ditu, badaezpada. Animalia txikientzat bai, baina gizakiarentzat ez du arriskurik. Mendia eta basoa maite ditu, euren lehengusu sube berdeak (Natrix natrix) belardiak bezala. Bi horiek dira, hain zuzen Hernaniko sube ezagunenak. Ez nahasteko: sube beltza luzeagoa eta ilunagoa izaten da, eta mugimenduz ere azkarragoa.
Europan mehatxatua
Nekazari eta baserri eremuetan onura besterik ez du espezie honek. Horrez gain, Europan mehatxatua dago, eta gurean nahiko arrunta izateak, oraindik gehiago zaintzeko motiboa ematen digu.
FITXAK
1. Rana temporaria - Ingela gorriya / ingela lehorrekua
2. Lissotriton helveticus: Lauhankekua / arrobiyua
3. Bufo spinosus: Zapua
4. Zootoca vivipara: Suangilla
5. Vipera seoanei: Sube gorriya
6. Zamenis longissimus: Sube beltza / sube nabarra
7. Triturus marmoratus
8. Podarcis muralis vs. pod. liolepis: Suangillak
9. Lacerta bilineata: Muskarra / Muzkarra
10. Natrix maura vs. Natrix natrix: Ur subia vs. Sube berdia / sube urdina eta sube lepotxuriya
11. Anguis fragilis: Ziraba / zirauna
12. Pelophylax perezi: Ingela berdia / ingela urekua / iela
13. Salamandra salamandra: Arrobiyua / mendi-arrobiya
14. Alytes obstetricans: Zapo ttikiya