Gaur aurkeztuko dute, Biterin, Hernaniko bertsolaritzari buruzko liburu mardula: Bertsoaren haria Hernanin. 12:30etatik aurrera izango da, eta bertsozale guztiak gonbidatu ditu Hernaniko Bertso Eskolak.
Estitxu Eizagirrek idatzi du, eta Hernaniko Bertso Eskolak argitaratu, Udalaren laguntzarekin. Hauxe da herri bakar batean bertsolaritzari buruz osatu den bilduma haundiena. 750 orrialde ditu, eta 90 bertsolari baino gehiago biltzen ditu, 1800 urtean hasi eta gaur arte: Txabolategitik Eli Pagolaraino. Garaika dator informazioa, kronologikoki ordenatuta. Gainera, Urko Apaolaza hernaniarrak egiten dio sarrera historikoa garai bakoitzari.
Kuriositate eta primizia ugari dakartza: Madrilgo Estampa aldizkariak Txirritari egindako elkarrizketa, liburuak deskubritutako plazako bertsolari bat, argitaratu gabeko bertsoak... Guztiarekin, bertsoak Hernanin izan duen ibilbidea eta garapena osatzen du: Francoren garaiko bertsolarien ausardia, bertso eskolen sorrera, bertsolari sonatuenak...
Bi mendetan zehar, Hernanin etenik gabe jarraitu duen haria josten du liburuak, luze eta sakon. Bertsozaleek, beraz, derrigorrezko zita dute, gaur, Biterin.