Datorren osteguna da Langileen Nazioarteko Eguna, Maiatzak 1a. Urtero bezala, langileen eskubideen aldeko aldarrikapenak egingo dituzte sindikatuek hainbat manifestaziotan, eta denek dei egin dute manifestazio horietan parte hartzeko, esanez, inoiz baino gehiago borrokara atera beharra dagoela.
Denek egiten dute bat puntu batean: krisi ekonomikoa dela-eta, langabezia tasak gora egin du, eta langileen eskubideak asko murriztu dira. Beldurra nagusitu da, eta mobilizazio kolektiboak zaildu egin dira; indibidualistagoak bihurtzera bultzatu gaitu egoerak. Horrexegatik, sindikatu bakoitzak bere ideiak eta bere egiteko moduak baditu ere, kalera ateratzeko beharra azpimarratu dute denek.
UGT eta CCOOk Estatu mailako manifestazioa, Bilbon
Estatu mailako mobilizazioa deitu dute UGT eta CCOO sindikatuek, biak elkarrekin. Aurten, mobilizazio hori Bilbon egitea erabaki dute. Maiatzaren 1ean, 11:30etan jarri dute zita, Jesusen Bihotzan.
ELAk urteroko deia, Bilbon
Aldaketarik egin ez duen sindikatua ELA da. Urtero bezala, Bilbon elkartuko dira, 11:15etan Jesusen Bihotzan. Mitina izango da lehenengo, eta ondoren, manifestazioan aterako dira.
Eguna borobiltzeko BECera joango dira, bazkaltzera.
Eskualdeka manifestazioak, LABek
Buruntzaldeko manifestazioa deitu du LABek Hernanin. Eguerdiko 12:00etan aterako dira Plazatik. Bestalde, manifestazioak eskualdeka antolatu dituztenez, gehiago ere izango dira, Donostian, Beasainen eta Tolosan.
Autobusak hartzeko aukera
Bilbon bi manifestazio egingo dira, ELAk deitua bat, eta UGTk eta CCOOk deitua bestea. Autobusak jarriko dituzte bertara joateko. Sindikatuetara deitu, izena emateko.
·UGT Jose Perez
«Epe motz eta luzean ez dugu etorkizunik ikusten»
«Askatasun eta mobilizazio eskubidea aldarrikatzeko» Bilbon egingo du Estatu mailako manifestazioa UGTk, CCOOrekin.
«Negoziatu beharra» dagoela dio Jose Perez, UGTko kideak: «ez dugu irtenbiderik ikusten, ezta etorkizunik ere epe motz eta luzean, egoera ekonomikoari buelta emateko negoziazioa behar baita, eta ez inposizioa. Baina PP bere gehiengo absolutua inposatzen ari da».
Hain zuzen, hori da Maiatzaren 1eko manifestazioan UGTk aldarrikatu nahi duena: «askatasun eta mobilizazio eskubidea. Gure borroka kalean egin behar da. PPk lege bat atera nahi du manifestazioak eta grebak egin ez daitezen, jendeak bere eskubideak aldarrikatu ez ditzan».
«Kezkatzekoa da; Hernani beti izan da gune industrial garrantzitsua»
Jose Perezen hitzetan, «PPren lan erreformak alderdi negatiboak azaleratzen ditu: negoziazio kolektiboari uko egiten dio, soldatak jaitsi ditu, lanpostuak suntsitu... 532.000 lanpostu galdu dira 2013an Estatuan, langabezia %26,03koa da eta lan tenporalak %23,92 dira. Azken lan mota hauek dituztenen artean %73,3 emakumeak dira. Honek guztiak egoera ezegonkorra sortzen du».
Hernanin ere egoera kezkatzekoa dela dio Perezek. «Lanpostuak galdu dira eta jendeari berriro formatzeko aukera eman behar zaio, eta beste postu batean berkokatu. Baina Hernanin ez dago horrelakorik. Pena da, eta kezkatzekoa; Hernani beti izan da gune industrial garrantzitsua».
Perezen ustez «honek guztiak ezegonkortasuna eta segurtasun eza sortzen ditu, eta jendea kalera ateratzea ebitatzen du. Baina atera egin behar dugu».
·ELA Uxue Mingo
«Soldata dirua baino gehiago da; enplegua da»
Manifestazioaren aurretik mitina emango du ELAk Maiatzaren 1ean Bilbon, 11:15etan. Gero, BECen bazkalduko dute.
«Alternatiba badago» dio Hernaniko ELAko arduradun Uxue Mingok. «Krisi garaia oso ondo datorkie batzuei; gobernuak, patronalak eta bankuek aprobetxatu dute beraiek aberasteko politikak egiteko. Lehentasuna eman diote zor publikoa ordaintzeari eta zerbitzu publikoak murrizteari. Zor publikoa? Bankuak erreskatatzen dira, eta familiak? Kapitalismoa, bere gordinean. Demokrazioa eta kolektibitatea suntsitu nahi dituzte. Baina bada alternatiba».
«Enpleguak sustatzen du ekonomia»
«Denak zurrunbilo berean» gaudela dio ELAk. «Rajoyk Bruselasekin egiten ditu akordioak, eta Iruñeak eta Gasteizek Rajoyrekin. Baina murrizketarik gabe hobeto egongo ginateke. Guretzat soldata dirua baino gehiago da; enplegua ere bada, eta enpleguak sustatzen du ekonomia. Eta pentsioek. Hortik datoz hezkuntza, osasuna eta abarretarako poltsak».
«Inoiz baino gehiago, antolatu beharra dago»
«Gobernuak bake-soziala nahi du. Confebaskek eraso egiten digu esanez moderatzaile izan behar dugula bake-soziala lortzeko, baina ELA ez da joku horretan sartzen. Lotura politikorik eta finantziariorik ez dugunez, askatasuna dugu, eta interpelazioa beti egingo dugu. Alternatiba sortzeko bidea antolakuntza eta borroka dira».
·LAB sindikatua
«Sindikatuen batasunetik urruti gaude»
LABek bere ibilbidea aztertu du: «gauzak ez dira asko aldatu».
«sindikatu sozio-politiko baten beharra guretzat oinarrizkoa zen», gogoratzen du Polek.
Hain zuzen, antolakuntza ereduaren inguruan eztabaidak izan zirela gogoratzen dute Hernaniko LABen hasieran ibilitakoek. «Asanbladak defendatzen genituen, langileen eskubideak, eta hortik sindikatu klasikoetara pasatzeak eztabaida piztu zuen». Baina Joxe Mari Zubillagak dio «sindikatu barruko haustura hark ez zuela eraginik izan Hernanin. 15 egunero joaten ginen Gasteizeko bileretara... Eskerrak egoskorrak ginen! Gutxienez, jarri genituen oinarriak! Bestalde, aldarrikapen politikoak ere bagenituen eta horrek lagundu egin zigun, gainerakoek ez baitzuten ezer egiten».
«77tik aldaketa gutxi»
Euken Villasante da egun Hernaniko LABeko ordezkaria eta dio «krisiaren aitzakiarekin lehen lortutakoak aldarrikatu beharra dugu, berriro».
77ko udaberrian aurkeztu zen LAB Hernaniko EPOko frontoian. Jon Idigoras ekarri zuten aurkezpenera.
«Orduan ez zegoen ezer. Aldarrikatzen genituen langileen estatutua, lan-baldintzak, gizarte justuagoa, negoziazio markoak...», dio Polek. «Oraingo aldaketek jendea desmotibatu dute, eta indibidualizatu. Eta sindikatuen batasunetik urruti gaude, baina hori gabe zaila da mobilizazioak bultzatzea. Jendeak beldurra du».
·CCOO Mario Sanchez
«Errekuperazioa motela izango da»
Manifestazioa Bilbon egingo du CCOOk Maiatzaren 1ean, UGTrekin elkartuta.
«Sindikatuen batasuna ezinbestekoa» dela dio Mario Sanchez, eskualdeko CCOOeko ordezkariak. Horregatik, Langileen Nazioarteko Egunean Bilbon egingo den manifestazioan izango da CCOO, UGTrekin.
«Euskadin %15eko langabezia tasa» dagoela dio Sanchezek, eta «langileen baldintzak egunero txartu egiten direla, krisiaren ondorioz sortutako babesik ezak, lege erregularizazio ezak eta sindikatuen batasun ezak eraginda».
Era berean, «hitzarmen probintzialak errekuperatu beharra» ikusten dute CCOOn. «ELAk, gehiengoa duen sindikatuak, esaten duena esaten duela ere, enpresetako hitzarmenen bidez ez da enpresen %5era ere iristen. Ia 4 urte dira hitzarmen probintzialik ez dugula, eta ondorioz, lortzen diren hitzarmenen kalitatea behera doa. Sindikatuen batasunarekin PPren lan erreformari salto egiteko moduan izango ginateke».
«Egoera txarra da»
Sanchezek argi dio egoera txarra dela. «Soldatak jaisten ez da ekonomia aktibatzen. Horretarako motorra kalean dago: enpresa eta komertzio txikietan, autonomoetan... Ikusten da errekuperazioa motela izango dela. Gizartearen beharretara egokitzen diren lanpostuak sortu behar dira: haurtzaindegiak, adinekoen zaintzarako lanpostuak...».