Iralekuen hitzarmenari buruz (lur komunalen jabetza zehazteko) bilera informatiboa eman zuen Udalak aurreko ostiralean. Udalak behin behineko onarpena eman dio hitzarmenari eta orain alegazioak egiteko epea zabalik dago. Apirila bukaerara arte egonen da aukera. Ondoren, Nafarroako Gobernuak onartuko du behin betiko. Nafarroako boletin ofizialean argitaratzen denetik, bi urteko epea izanen dute partikularrek beraien hitzarmen partikularra egiteko nahia adierazi eta negoziaketa hasteko.
Udalak prestatu duen hitzarmena urte luzetako lanaren emaitza izan da. Partikularrekin hainbat bilera egin eta gero adostua. Horrela, lurren azalerari dagokionez, partikularrek %35 jasoko dute aurreneko 10 hektareatarako, %25 hurrengo 15 hektareatarako eta, %5 hortik aurrerakoentzako. Aprobetxamenduari dagokionez gainera, partikularrek gaur egun landutakoaren gainean, eskubidea gordeko dute.
Orokorrean, hitzarmenaren oinarriaren berri bazekiten afektatuek, baina zenbait aldaketa txiki sartu behar izan ditu Udalak eta horien berri emateko egin zen bilera informatiboa.
Adostasuna adierazteko
agiria
Udalak agiri bat prestatu du hitzarmenarekin adostasuna adierazi dezaten herritarrek. Udalak ziurtatu nahi dio Nafarroako Gobernuari adostasun batera iritsi dela herritarrekin eta ez dela Udalaren kontua bakarrik hitzarmen hori. Atzo, Udala itxi zen momentuan, 26 herritarrek adierazia zeukaten beraien adostasuna, aipatutako agiria Udal bulegoetan aurkeztuz. 87 dira afektatuak.